Leihatila digitala laster izango da martxan Usurbe Antzokian
Leihatila digitala antzokiko sarreraren ondoan jarriko dute, eta egun osoan irekita egongo da.
Sarrerak saltzeko sistema berri bat martxan izango dute laster Beasaingo Usurbe Antzokian. Hala, sarrerak erosi ahal izateko hiru bide izango dira; betiko leihatila, internet bidez webgunean sartuta, eta aurki jarriko duten leihatila digitalean. Salmenta puntu berria egokitzeko lanean dihardute, eta iragarri dute Gabonetarako martxan izango dela.
Leihatila digitala antzokiko sarreraren ondoan jarriko dute, eta egun osoan irekita egongo da. Bertan, programazioa kontsultatu, eta zinemarako eta ikuskizunetarako sarrerak eta bonuak erosi . ahal izango dira, besteak beste, orain arteko prezioei eutsiz.
Berrikuntza gehiago ere izango da. Zinemarako bonuak Usurbe Antzokiko txartel-bazkide izatera pasako dira. Zinemarako bonua, aipatutako hiru salmenta puntuetako edozeinetan, nahi denean, kargatu ahal izango da.
Gainera, webgune berria estreinatu berri dute (usurbe.eus). Programatutako saioetarako sarrerak erosi ahal izango dira, zinema-bonuaren saldoa kontsultatu, kargatu edo edozein saiorako sarrerak eskuratu. Jakin ere, sarrerak online erosteagatiko komisioak 90 zentimotik 25 zentimora murriztuko dira zinema-sarreretarako, eta 60 zentimora ikuskizunetarako.
Azkenik, sarrera mugikorrean eramateko aukera izango da, eta inprimatu gabe antzokira sartu, sarrera-irakurgailutik pasatuta.