Ataunen, Lazkaon eta Seguran euskal liburu azokak 16tik 18ra jarriko dituzte
Euskarazko literaturako eta musikagintzako berritasunak aurkitu ahalko dira. Liburu aurkezpenak ere izango dira, Lazkaon astean eta Ataunen. %15eko deskontua, denetan
Durangoko Azokak ateak zabaldu zituen garai berean aurkeztu zituzten, atzo goizean, Goierriko hiru herritan elkarlanean antolatzen dituzten hiru euskal liburu eta disko azokak. Ataunen, Lazkaon eta Seguran aurten ere euskal literaturako eta musikagintzako berritasunak aurkitzeko, behatzeko eta erosteko aukera emango dute. Hiru herrietako udalen laguntzari esker, %15eko deskontuarekin, gainera. Atzo goizean egin zuten aurkezpen bateratua, Ataungo udaletxean.
Gabon aurreko asteburuan, abenduaren 16tik 18ra prestatuko dituzte Ataunen, Lazkaon eta Seguran azokak, ostiral arratsaldetik igande eguerdira. Zailtasunak zailtasun, eta irakurtzeko zaletasunarentzat garai onenak ez diren arren, euskarazko kultura-eskaintza plazaratzeko helburu irmoarekin antolatu dute.
Lazkaoren kasuan, Joxepa Madariagak gogorarazi du 34. ekitaldia izango duela liburu, disko eta jostailu azokak: «Hutsik egin gabe, gainera, nahiz pandemia eta beste arazo sozial batzuk tartean izan diren. Etenik gabe egin da azoka Lazkaon; bere garaian Ataun eta Segura ere lankide modura oso ongi etorriak izan ziren, elkartzeak indarra ematen baitu».
Nobedadeak, batez ere
Lazkaoko eragileek dute hornikuntzan zentraltasuna Goierrin, eta azokan «batez ere nobedadeak» aurkitu ahalko dira. «Aurten ateratako liburuak, diskoak eta jostailuak egongo dira, baita iazkoak ere; eta guri interesgarri iruditutako gehiago ere bai».
Katalogo bat atera dute, aurretik eskariak egin ahal izateko, azoka-egunetako baldintza berekin. Aurrez eskatuta, azokan bertan jaso ahalko dira, edo 16tik 18ra han eskatuta, ondoren.
San Benitok bigarren eskuko jostailuen merkatua jarriko du.
Datorren astean, azoka girotzeko, liburu aurkezpenak izango dira Gerriko dendan (19:30). Goierriko idazleak pasatuko dira: astelehenean Mikel Alvarez eta Iker Sancho; asteartean Irati Garmendia, Amaia Telleria eta Laida Ruiz; eta asteazkenean Ana Santiago eta Lurdes Ulazia.
Elkarlanaren emaitza gisa, antolaketa bateratuaz gain, egutegitxoak atera dituzte.
Ataunen, Urretabizkaia
Ataungo azoka Herri Antzokian kokatuko dute. Ostiral iluntzean ireki, eta larunbat nahiz igande goizetan egongo da —zapatu arratsaldean itxita, herriko koruak Aian kantaldia duelako—.
Aurkezpen bakarra izango da Ataunen, Arantxa Urretabizkaiak abenduaren 17an Azken etxea eleberriaz egingo duena.
Azoka-alditik aparte, 2023 hasieran «beste ekimen bat edo beste» antolatzeko asmoa dute.
Seguran, Botikaxarrean
Segurako bost eragilek edo elkartek antolatu dute liburu azoka. Botikaxaharrean izango da, ohi bezala. Aurrez, ipuin, bertso eta marrazki lehiaketaren sari ematea egingo dute, larunbat honetan 12:00etan. Azoka hilaren 16an 18:30ean zabalduko dute, irekiera ekitaldi batekin.
Udal egutegiaren aurkezpena, horrako argazki lehiaketako sariketa, Azpilla dantza taldearen saskiaren zozketa, eta koruaren emanaldia izango dira irekieran.
Hiru herrietako eragileek adierazi dute azokak antolatzeak «lan handia» ematen duela, eta borondatezko lana dela. Baina erantzuna «oso ona» dela ikusita merezi duela, eta aurrera segitzea agindu dute. «Egin beharra daude. Euskal kulturak eta liburugintzak ere behar du».
Goierritar guztiak gonbidatu dituzte azoketara, bertan kontsumitzeko deia eginda.













