Etxebizitza sindikatua sortu du GKSk, «kalitatezkoa eta doakoa» bermatzeko
Goierriko Kontseilu Sozialistak etxebizitzaren auzian eragin nahi du. Negozio izaera kendu nahi diote, langile askorentzat erostea edo alkilatzea «ezinezkoa» delako. Laguntza faltaz kexu dira
Goierriko Kontseilu Sozialistak etxebizitza sindikatua sortu du. Etxebizitzaren auzian eragin nahi dute, betiere, langile ikuspuntutik, eta etxebizitzari negozio izaera kendu eta eskubide unibertsal gisa bermatu. Are gehiago, «kalitatezko etxebizitza, doakoa eta unibertsala posible izango den Estatu Sozialistaren eraikuntza-prozesua elikatzea» jarri dute «helburu nagusi». Atzo egin zuten aurkezpena, Ordiziako D’Elikatuz zentroan.
Goierriko Kontseilu Sozialistako kideek nabarmendu zutenez, «kalitatezko etxebizitzarako eskubidea geroz eta zailagoa da». «Bereziki», langile klasearentat. Esan zutenez, erosmen ahalmena geroz eta txikiagoa izanik, askorentzat etxebizitza bat erostea edota errentan hartzea «ezinezkoa» da. Are, metro koadroa garestitzeaz gain, argindarraren gorakada, oinarrizko bizigaien garestitzea edota etxebizitzekin negozioa egin nahi duten jabeen jokamoldeak aipagai izan zituzten.
Laguntzarik ez dagoela ere salatu zuten. «Tramite burokratiko amaigabeek zaildu egiten dute behar gehien dituztenek laguntzak jasotzeko aukera, besteak beste», salatu zuten. «Zerbitzu publikoen kalitatea okertzen ari da», laburbildu zuten.
Iragana
Aurkezpena atzo egin arren, Kontseilu Sozialistak lehenago ere etxebizitzaren auzian iraganean ere eragin duela azpimarratu zuten. Gogora ekarri zuten urtarrilean Beasaingo etxe kaleratze bati aurre egin ziotela. Etxebizitza Sindikatua «beste pauso bat» dela esan zuten: «Etxebizitzaren arloan autodefentsa sozialista antolatzea da helburua, gehiegikeria mota ezberdinei aurre eginez, bizi-baldintzak hobetzeko borrokak abiaraziz eta antolakuntza gaitasunak handituz». Auzian eragin nahi duten goierritarrei laguntzeko deia egin zieten,