Gerra ondorengo gaiak ferian
Produktu berria ez bada ere, batata gorriak jarri du hizpidea Ordiziako azokan, gerra ondoren baserri gehienetan jaten zela gogoratzean. Erratza saltzeko debekuak atsekabea eragin du.
Bi zubiren arteko feria zen, eta berezia horregatik. Ohi baino erosle gutxiago zebilela zioten batzuk, eta betiko martxa nabaritzen zela beste batzuk. Bitartean, saltzaile guztiek betiko moduan dotore jarri zituzten mahaiak, hurbiltzen zenari etxeko onena eskaintzeko asmoz.
Produktu berri gutxi ikusi ziren, eta horien artean batata gorria edo boniatoa aipatu behar da. Arantxa Zurutuzak zuen salgai, eta desberdina zen orain dela aste batzuk Maria Jesus Oriak saldu zuenarekin alderatuta. Hura, laranja kolorekoa zen, baita barrutik ere, eta Zurutuzak atzo salgai zuena, arrosa kolorekoa zen kanpotik, zuria barrutik, eta tamaina handiagokoa. Zaporez, antzekoa dela esan zuen aramarrak. Kiloa 3,5 euroan zuen.
Batatak gerra ondorengo kontuak ekarri zituen gogora ferian, Zurutuzaren bezero batek txikia zela asko jandakoa zela esan zuenean. Garai haietan, patataren eskasiaren aurrean baserri gehienetan ereiten zen, eta etxe askotan eta askotako ezinbesteko jaki bihurtu zen. Gaur egun hemen gutxi jaten dela zioen Zurutuzak, eta Frantzian, aldiz, bere kontsumoa oso zabalduta dagoela azaldu zuen.
Erratzarik ez aurten
Debeku kontuak ere izan ziren hizpide atzo, garai honetarako salgai izaten den erratza falta delako. Bere hosto berde txikiekin eta pepita gorriekin, oso erabilia izan da Gabonetako apaingarri gisa, baina babestutako landarea da eta ezin da saldu. Aurten erratzik ez da izango Ordizian.
Horren ordez, apaingarri gehiago badaude aukeran, eta Edurne Jauregirenean pinu kaskarez egindako koroak erosi daitezke. Eskulanetan oso trebea den iloba batek eginda, 5, 12 eta 15 euroan zituen salgai, tamainaren arabera.
Denboraldia agurtzen
Plazako saltzaile batzuei iritsi zaie salmenta denboraldia agurtzeko garaia. Abel Goiburu gaztagilea da bat, eta udaberrira arte ez da itzuliko Goiburu ardi gazta berriekin. Jose Antonio Aizpuruk eta bere sagarrek ere laster esango dute agur, baita Uzin eta horren tomateek ere.
Perretxikoak ere agortzen ari dira. Atzo 20 kilo niskalo besterik ez zeuden salgai Lasarenean, kiloa 20 euroan.