Gaztetxean mendia nagusi
Laponia, Aconcagua, inguruko mendiak eta Eginoko eskalada gunea izango dira protagonistak. Legazpiarrak ere badira gonbidatuen artean. Eski irteera, otsailean
Legazpiko Gazte Asanbladak Mendi Astea berreskuratu du, urte batzuetako etenaren ondoren. Hainbat ikus-entzunezko eta solasaldi antolatu dituzte hilaren 13tik 16ra bitarterako. Mendiarekin zerikusia duten jarduera ezberdinak praktikatzen dituzten kirolariak gonbidatu dituzte aurtengo ediziorako, eta horien artean, hainbat legazpiar daude.
Kirolarien eskutik, Laponia, Aconcagua, inguruko mendiak eta Eginoko paretak ezagutzeko aukera izango da. Emanaldi guztiak Gaztetxean izango dira.
Laponiatik Eginora
Laponian izandako bi emakumeen bizipenek emango diote hasiera Mendi Asteari hurrengo asteartean, hilak 13, 19:00etan. Barrundiako (Araba) Nerea Iztuetak eta Leire Urretxok Laponia, bakardade zuria lana aurkeztuko dute, Finlandiako Urho Kekkonen Parke Nazionalean eginiko eski ibilaldiari buruzkoa.
Hurrengo egunean, hilak 14, Patagonia ezagutzeko aukera izango da, 19:00etan. Ander Ibarguren eta Unai Segurajauregi legazpiarrek Julen Agiriano eskoriatzarrarekin Hego Ameriketako paraje haietara egindako espedizioa gogoratuko dute. Pandemia aurretxoan izan ziren, eta klima aldaketak hango bailaretan duen eragina jaso dute dute Aconcagua, harri egarri ikus-entzunezkoan.
Ostegunean, hilak 15, gertuagoko mendietan murgilduko du publikoa Urretxuko Aritz Egeak, 19:00etatik aurrera. Mendi korrikalariak bere lorpenei eta erronkei buruz hitz egingo du Mendia korrika biziz izenburuko saioan zehar.
Amaitzeko, Arabako Eginoko paretak izango dira hizpide ostiralean, 18:00etan, Egino bizirik, enamorados de unas piedras lanean. Legazpiko Iban eta Josema Berrocoso eta Naur Jungitu El Muelas aguraindarra dira egileak, eta Eginoko eskalada gunea izango dute hizpide. Izan ere, gune hori berreskuratzeko eta indartzeko asmoarekin martxan jarri den Egino bizirik proiektuko bultzatzaileetako batzuk dira hiru eskalatzaileak.
Hain zuzen, Mendi Aste honetako saio guztietan proiektu hori laguntzeko errifak salduko dituzte, eta Legazpin ekoitzitako produktu bete otar bat zozkatuko dute.
Eski irteera
Gaztetxeko Mendi Asteari borobiltzeko urteroko eski irteera egingo dute. Baqueirara (Herrialde Katalanak) joango dira, otsailaren 11n eta 12an. Izena emateko eguna abenduaren 22a izango da. Gaztetxean bertan izango da izen-ematea, 18:00etatik aurrera. Jarduera honek arrakasta handia izaten du legazpiarren artean, eta urtero autobusa oso azkar betetzen da.