Arrakasta handiarekin itzuli da ziklo krosa Segurara
Olatz Odriozola eta Joseph Gerardo Ramirez nagusitu dira lasterketa nagusietan. Tropela, mardula; ikusleak, ugari. Antolakuntzak gustura amaitu du
Ziklo krosa Segurara indartsu itzuli da. Probarik izan gabe hamarkadak pasa dira, eta herritar talde batek berreskuratzeko ahalegina egin du. Lana gaur goizean eranaldu da, eta tropel mardula eta ikusle ugari elkartu dira. Herrian ia ez zegoen autoa aparkatzeko tokirik, eta txosna jatekorik gabe gelditu da. Antolakuntzak beroan egindako balorazioa ona izan da.
132 txirrindulari elkartu dira, zortzi mailatan eta lau lasterketetan banatuta. Olatz Odriozola eta Gerardo Ramirez nagusitu dira lasterketa nagusietan. Bizikleta.com taldekoak, biak.
Sailkapenak:
Kadete gizonezkoak | ||
1.- Arkaitz Suso | Aranako Ford Garaje Moderno | 30:55 |
Kadete emakumezkoak | ||
1.- Maier Olano | Zu-K Limousin | 36:56 |
Junior Gizonezkoak | ||
1.- Gari Ugarte | Bellota | 38:16 |
Irekia emakumezkoak | ||
1.- Olatz Odriozola | Bizikleta.com | 46:02 |
2.- Ixone Nuñez | Zuia Txirrindulari Elkartea | 49:03 |
3.- Lur Zufiria | Zatika | 49:06 |
Irekia gizonezkoak | ||
1.- Joseph Gerardo Ramirez | Bizikleta.com | 57:09 |
2.- Aitor Hernandez | Ermuako Txirrindulari Elkartea | 57:10 |
3.- Jokin Murgialdai | Caja Rural – Seguros RGA | 58:46 |
Gizonezkoak master 30 | ||
1.- Andoni Etxebarri | Aldapa Cycle Store | 36:55 |
Gizonezkoak master 40 | ||
1.- Gaizka Pujana | Kobacycling Team | 38:11 |
Gizonezkoak master 50/60 | ||
1.- Xabier Mendiaraz | Caravanas Erandio | 40:40 |
Odriozola bakarrik helmugaratu da, nagusitasun handiarekin. “Zirkuitua oso gogorra zen eta lehen itzulia topera egin dut, aldeak markatzeko. Tartea zabaldu dudala ikusi dudanean indarrak neurtuz joan naiz”, aitortu du. Lau kilometroko itzuliari lau bira eman dizkio. Ixone Nuñez eta Lur Zufiria bigarren eta hirugarren sailkatuei hurrenez hurren, hiru minutu atera dizkie. Zatika taldeko Zufiria ormaiztegiarra izan da lehen goierritarra.
Ramirezek gehiago sufritu du garaipena lortzeko. Esprinean menderatu du Aitor Hernandez, atzetik etorrita. Erori egin da eta metro batzuk galdu ditu; Hernandez harrapatzeko estutu egin behar izan duela aitortu du, baina oraindik bazuen indarra azken metroetan. Esprint gogorra izan da, gainera, helmuga aldapa gora zegoelako. “Helmuga marra pasatakoan ikusi dut irabazi nezakeela. Lasterketa gogorra izan da. Teknikoa baino gehiago, fisikoa”. Jokin Murgialdaik egin du hirugarren eta Mikel Mujika legazpiarra izan da lehen goirritarra, laugarren.
“Ea irauten duen”
Biei asko gustatu zaie zirkuitua. Are, antolakuntzakoek aipatu dute txirrindulari gehienek, nahiz eta gogorra izan dela aitortu, gustatu zaiela eta asmatu dutela esan dietela aipatu dute: Baratze pilotalekutik abiatu, Madurako, Kanpatorratzeko eta Zerain Portaleko belardietan aurrera eta atzera ibili eta Kale Nagusitik gora plazara egiten zuen itzuli bakoitzak. “Pozgarria da geroz eta lasterketa gehiago egotea, bereziki, Gipuzkoan. Hasi nintzenean proba gehiago zeuden baina galtzen joan dira. Jakin nuenean Seguran beste proba bat antolatu zutela, poztu egin nintzen. Ea irauten duen”, eskatu du Odriozolak.