Ertzaintzak omenaldia egin die Jose Luis Gonzalez Villanueva eta Iñaki Mendiluze Etxeberria agenteei. 1995eko abenduaren 10ean hil zituen ETAk, Itsasondon. Beasaingo ertzain etxearen atarian kokatutako monolitoan lore eskaintza egin dute senitartekoek, lankideek, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak eta Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak, txistulariek Agur Jaunak jo duten bitartean. Minutuko isilunea egin dute aurretik.
Bujandak hitz ere egin du. Azpimarratu du Ertzaintzak memoriarekin “konpromisoa” duela, eta urtero egingo direla halako omenaldiak. Azaldu du ekainean ezarri zen Ertzaintzan zerbitzuan zauritutako edo hildako ertzainei aitormen, oroimen eta omenaldi ekitaldiak egiteko prozeduraren baitan, ETAk hildako ertzain bakoitza banaka gogoratuko dela. ETAk Ertzaintzako 15 agente hil zituela zenbatu du, 1985etik 2001era bitartean.