Aritz Elgarresta da Zumarragako EH Bilduren alkategaia
Zumarragako EH Bilduren hautagaia izatea «ohorea dela» adierazi du, eta «gogotsu, ilusio eta ardura handiz» hartu duela «Zumarraga hobe bat eraikitzeko erronka»
Aritz Elgarresta Berasategi da Zumarragako EH Bilduren alkategaia. Koalizio abertzaleak gaur eguerdian aurkeztu du, Legazpi dorretxean. Zumarragako EH Bilduren hautagaia izatea «ohorea dela» adierazi du, eta «gogotsu, ilusio eta ardura handiz» hartu duela «Zumarraga hobe bat eraikitzeko erronka».
Elgarresta 42 urteko zumarragarra da. Ingeniari industriala da eta Lanbide Heziketako irakaslea hezkuntza publikoan. Sindikalgintzan aritua, hamar urte baino gehiagoz langileen ordezkari izan da. Txistularia, Zumarraga eta Urretxuko kultura taldeetan aritua eta bi herrietako hainbat gizarte-mugimenduetan parte hartzailea da.
Azken lau urteetan Zumarragako EH Bilduko lantalde munizipalistako kidea izan da. Besteak beste, Onura Publikoa plataformaren bozeramalea izan da.
Alderdiaren babesa
Elgarrestaren aukera barne hauteskunde prozesuaren ondotik suertatu da. Zumarragako EH Bildu osatzen duten lan taldeko kideek Hauteskunde Batzordeari zerrendaburu izateko hautagaia proposatu ondoren, bozketa bidez berretsia izan da.
Kideek «hautagirik onena» dela azpimarratu dute. «Lanerako gaitasuna, konpromisoa eta ilusioa» dituela aipatu dute, eta «herritarrak entzuteko, publikotasuna zaintzeko eta herria egingo duen proiektu eraldatzaileak garatzeko» aukerarik onena berea dela berretsi dute. «Babes eta konfiantza osoa» helarazi diote.