Iñaki Alberdi Iparragirre izango da Idiazabalgo EH Bilduren alkategaia udal hauteskundeetan
Idiazabalgo egungo alkatearentzat, bigarren udal hauteskundeak izango dira. Urte hauetan erakutsi duen "lanerako gaitasuna, konpromisoa eta erantzukizuna" nabarmendu ditu oinarriak.

Iñaki Alberdi Iparragirre izango da Idiazabalgo EH Bilduren alkategaia 2023ko udal hauteskundeetan. Hala erabaki du koalizioaren oinarriak azken asteetan egindako prozesuan. Idiazabalgo egungo alkatearentzat, bigarren udal hauteskundeak izango dira. Idiazabalgo EH Bilduren oinarriak “urte hauetan erakutsi duen lanerako gaitasuna, konpromisoa eta erantzukizuna” nabarmendu ditu, baita “gertutasuna” eta “enpatia”, eta “herritarren arazoei konponbideak emateko eta ondo egiteko prestutasuna du beti”. Hautagaitzaren bozketa, pasa den azaroaren 24an egin zuten, eta oinarrien aho bateko babesa lortu zuen.
Idiazabalen 1976an jaioa da Iñaki Alberdi Iparragirre, delineazio tekniko industrialeko ikasketak egin zituen Elgoibarren eta Orkli enpresako langilea da 1997 urteaz geroztik. 2007-2011 legealdian, EH Bilduren zinegotzia eta kultura batzordeko lehendakari izan zen. 2019 urteko udal hauteskundeetan berriz, koalizio abertzalearen zerrendaburua izan zen, eta bera aukeratu zuten herriko alkate. 2023ko maiatzean egingo diren hauteskundeetan, duela lau urte lortutakoa errepikatzeko ilusio eta gogoarekin aurkeztuko da.