Hezkuntza publikoaren aldeko kontzentrazioa bihar Ordizian
Urdaneta ikastetxeko Lehen Hezkuntza eraikinaren aurrealdera biltzeko deia egin du biharko Urdanetarrak Guraso Elkarteak, hezkuntza arloan deituta dagoen greba deialdiarekin bat eginez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza lege-aurreproiektuaren aurka azaltzeko ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deitutako bigarren greba eguna izango da biharkoa hezkuntza publikoan –aurrekoa azaroaren 30ean izan zen–. Sare publiko «bakar, euskaldun eta propiorako» bidea egin beharko lukeen legea eskatzen dute sindikatu horiek, «aukera berdintasuna, kohesio soziala eta euskalduntze prozesua» bermatzeko.
Greba egun horrekin bat eginez, Ordiziako Urdanetarrak Guraso Elkarteak elkarretaratze bat deitu du biharko. «Hezkuntza Legearen aurkako eta Eskola Publikoaren aldeko gure jarrera adieraztea eta grebari babesa ematea erabaki dugu». Bilkura 16:30ean izan da, Urdaneta ikastetxeko Lehen Hezkuntzako eraikinean.