San Benito ikastolak elkartasun jaia eta merkatu txikia egingo du
Ostiralean 16:30etik 20:00etara, eta larunbatean nahiz igandean goizez (10:30-15:00) egongo da zabalik merkatu txikia.
Lazkaoko ikastolak Ruandarekin elkartasuna adierazteko eta laguntza biltzeko ekimenak antolatu ditu. Asteburuan bigarren eskuko jostailuen merkatu txikia egingo dute, 3×1: Berrerabili, Jolastu eta Elkartasuna adierazi lelopean.
Bigarren eskuko jostailuen salmenta 2019an egin ahal izan zen azkeneko aldiz, eta pandemiaren ondorioz bi urtean ez dute antolatu. Aurten, berriro ere jostailu bilketa egin dute ikastolan, eta asteburuan jarriko dituzte salgai Lazkaoko plazako frontoian, Liburu eta Disko Azokarekin batera.
Ostiralean 16:30etik 20:00etara, eta larunbatean nahiz igandean goizez (10:30-15:00) egongo da zabalik merkatu txikia.
Elkartasun jaialdiak
Horrez gain, San Benito ikastolak elkartasun jaialdiak ere egingo ditu, Arerian, ruandarren alde. Bi egunetan izango dira ikuskizunak. Etzi, osteguna, bi saio eskainiko dituzte ikasleek: 17:30ean HH5ekoena eta 18:00etan LH6 eta DBH2koena. Ostiralean saio bakarra egingo dute, LH2 eta LH4koek. 17:30ean hasiko da.
Elkartasun jaialdian ere ikusleen artean poltsa pasatuko dute, dirua biltzeko. Han eta merkatu txikian jostailuak salduta bildutako dirua Ruandara bidaliko du San Benito ikastolak, hango garapen proiektuek aurrera egin dezaten.