Izarra Urdalleta izango da berriz ere Segurako EH Bilduren alkategaia
Gaur egungo alkate Izarra Urdalleta (Errezil, 1975) izango da EH Bilduren zerrendaburua 2023ko udal hauteskundeetan. Koalizioaren oinarriek aho batez onartu dute haren hautagaitza. «Lau urteotako balantze positiboa» izan dute oinarri Urdalletari berriro alkatetzara aurkezteko eskaera gauzatzeko. Abenduan zehar egin dute bozketa.
EH Bilduk azaldu du «pandemia nahiz bestelako zailtasunak» izan direla agintaldian, baina «bai Urdalletak berak, bai udal gobernuko taldeak, bere osotasunean, profesionaltasun eta gaitasun handia» erakutsi dutela. «EH Bilduk urteak daramatza herri honetan politika beste modu batera egin daitekeela erakusten, eta etorkizuneko erronka berriei heltzeko ere, bide horretan jarraitzeko konpromiso argia du».
Bide horretan, Urdalleta «hautagai ezin hobea» dela uste du Segurako EH Bilduk. Datorren astean taldea osatzeari eta herri programa zehazteko bitartekoak ezartzeari ekingo dio.













