Munduko hainbat Euskal Etxetako gazteak bisitan izan dira Ordizian
Gaztemundu programan parte hartzen ari dira. Euskal Herria ezagutzera etorri dira, eta 20 eguneko egonaldia egingo dute.
Ordiziako azokak bisitari bereziak izan ditu gaur, mundu guztiko hainbat Euskal Etxetako ordezkari gazteak. D’Elikatuz zentroa bisitatu dute lehenik, eta Plaza Nagusian izan dira gero, bertako saltzaileak ezagutzen. Tolosara joatekoak ziren ondoren.
Gorka Alvarez Aranburuk lagunduta egin dute Ordiziako bisita gazteek, D’Elikatuz zentroko Gema Lopezen gidaritzapean. Alvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria da Eusko Jaurlaritzan, eta gazte horien bisita Gaztemundu programaren baitan kokatu du: “Urtero 20-bat gazte ekartzen ditugu mundu osotik, gure herria ezagutu dezaten”. Pandemiak iraun duen bi urteetan ez da burutu programa, baina aurten berreskuratu dute, eta “Argentina, Txile, Uruguai, Kolonbia eta Estatu Batuetako 20 gazte etorri dira, eta 20 egun egingo dituzte hemen”.