Antioko maketa, Antioko baselizako jaiotzan
Josean Larrañaga zumarragarrak jaiotza jartzen du urtero Antioko baselizan. Aurtengo Gabonetarako baselizaren maketa ikusgarria egin du.
Antioko baselizan jaiotza jartzen dute urtero. Jesus Perez izan zen jaiotza jartzen hasi zena eta duela urte batzuk Josean Larrañagak lekukoa hartu zion. Pixkanaka jaiotza hazi egin da eta aurtengoan baselizaren maketa bat ere ikus daiteke.
Maketa ikusgarria da. Hormak txikitutako harriekin egin ditu: harriak txiki-txiki egin, kolarekin itsatsi, zatitxoak egin eta banan-banan pegatu. Teilatua, berriz, margotutako kartoiarekin egin du. Teilatua altxatu egin daiteke, egurrezko egitura ikusteko (eskailerarekin eta koruarekin). Egurrezko egitura altxatuz gero, Ama Birjina, aldarea eta aulkiak ageri dira.
Larrañagak ia urtebete eman du lanean. «Iaz Belokiko gurutzea egin nuen eta lehenago Azkoitiko Azalgorreta baserria egin nuen. Ama Azalgorretakoa zen eta aita Zumarragako Leturi baserrikoa. Zerbait falta zela konturatu nintzen: Antioko baseliza. Emazteari esan nion eta baseliza egitera animatu ninduen».
Izan ere,Maite Cantalapiedra emazteak eta Aitor semeak ere parte hartzen dute. «Beraiek dira pieza txikienak egin dituztenak: Ama Birjina, kanpaia… Nik esku handiegiak ditut horretarako».
Antioko maketa baseliza garbitzen duten emakumeei eskaini die. «Beraiei eskaini nahi diet, egiten duten lan bikainagatik. Bihar baseliza garbitzera etorriko dira eta jaiotza ikusteko aukera edukiko dute».
Gainontzeko herritarrek larunbata arte itxaron beharko dute. Izan ere, neguan ermita larunbatetan eta igandetan bakarrik irekitzen da: 11:30etik 13:30era eta 16:00etatik 18:00etara. Egun horietatik kanpo, telefonoz deitu behar da eta zortzi lagunetik gorako taldeentzat bakarrik irekitzen dute baseliza.
Baselizarekin, jaiotza ia osatua du (datorren urtean beste berrikuntza bat txertatuko du, baina ez du aurreratu nahi). Hiru Erregeak Belokitik jaitsi dira eta, Antiotik pasa ondoren, Jesus, Maria eta Jose dauden tokira begira jarri ditu. Olentzerok ere bere txokoa du, noski. Belokitik ura jaisten da, su batek haurra berotzen du, txorien kantuak entzun daitezke… Ia dena birziklatutako materialarekin egin du. «Botatzen ditugun gauzekin gauza asko egin daitezke».
Gogor lan egin du. Antioko baseliza berarentzat eta bere familiarentzat oso toki berezia dela nabari da. «Aita Santa Isabel egun batean hil zen, gainera».
Gainontzeko zumarragar guztientzat ere Antioko baseliza oso toki berezia da eta Larrañagak jaiotza noiz jarriko zain egoten dira. «Jaiotzak ospe handia hartu du. Jende askok galdetzen digu ea jaiotza noiz jarriko dugun. Baita inguruko herrietako jendeak ere», azaldu du Jose Roman Urkiola Antioko Lagunen Elkarteko kideak.