Txistor usaina eta diaspora
Ordiziako azken feriak kutsu berezia izan du, Gipuzkoako txistor lehiaketak eta euskal diasporako gazteen bisitak jarrita. Iritsi diren produktu berrien artean, Baliarraingo tipulinak nabarmendu behar dira.
Txistorraren usainak eta lehen orduko behe lainoak markatutako feria izan zen atzokoa, euskal diasporatik iritsitako gazteen bisitak borobildu zuena. Azken asteetan bezala, produktu berri gutxi izan ziren atzo ere, eta aparteko kontuak izan ziren berriz ere nabarmenenak.
Gipuzkoako txistor txapelketak jarri zuen usain gozoa goiz erdialderako, eta Oianguren institutuko ikasleek eman zuten hestebete hori dastatzeko aukera. Txapela Haritz Arteagak eraman zuen, eta Oiangurenekoen pintxoak, dozenaka eta dozenaka herritarrek.
Tipulina eta daikon arbia
Eta gutxi izan baziren ere, produktu berriak ere aurkeztu ziren. Horietako bat tipulina izan zen. Baliarraingo Edurne Jauregik zuen salgai, hiru edo lau aleko sortatan bilduta, sorta bakoitza euro eta erdian.
Exotikoagoa zen Aramako Arantxa Zurutuzaren postuko berritasuna, arbi japoniarra edo daikon arbia, euro batean bakoitza. Egosita, purean jaten omen da, eta kanpoko jatorria duen arren, ezaguna da hemen, mahai gainean jarri orduko saldu zituelako guztiak.
Aurreko astean eraman zituen batatekin ere berdin gertatu zitzaion, eta atzo ere eraman zituen batzuk saltzeko, 3.5 euroan kiloa. Aurrekoan baino tamaina handiagokoak ziren, eta batek, hiru kilotik gorako pisua zuen.
Perretxikoak ere aipatu behar dira, ez dagoelako asko. Aurreko asteazkenean ez zegoen batere, baina atzo hiru kilo onddo jarri zituzten salgai Altzagako Arantxa Lopetegik eta Aramako Patxi Arizmendik, 30 euroan kiloa. Arizmendik kilo bat niskalo ere saldu zuen, 20 euroan.
Bestetik, Juanita Murgiondok lore lehorrekin egindako sortak zituen, 7-10 euro artean.
Kanpoko bisitari gazteak
Bestalde, bisitari berezi batzuen berri ere eman behar da. Ameriketako hainbat Euskal Etxetako ordezkari gazteak izan ziren Ordizian atzo, eta feria ikustera joan ziren Gorka Alvarez Aranburuk lagunduta eta D’Elikatuz zentroko Gema Lopez teknikariak gidatuta.
Alvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria da Eusko Jaurlaritzan, eta gazte horien bisita Gaztemundu programaren barruan kokatu zuen: «Urtero 20-bat gazte ekartzen ditugu mundu osotik, gure herria ezagutu dezaten». Pandemiak iraun duen bi urteetan ez da burutu programa, baina aurten berreskuratu dute, eta «Argentina, Txile, Uruguai, Kolonbia eta Estatu Batuetako 20 gazte etorri dira. 20 egun egingo dituzte hemen».