Domingo Agirre eskolaren San Tomas azokan produktu, txoko eta jarduera ugari aukeran
Ohiko osagaiak izan ditu feriak, besteak beste, taloak, gaztaina erreak eta Asto Txu-txua.
Domingo Agirre eskolaren eta Olazabal institutuaren eskutik, San Tomas azoka ospatu zen atzo goizean Legazpin. Bi urteko hutsunearen ondoren itzuli da indartsu eta alai Gabon atariko feria berezi hau.
Ohiko Agurraren dantzarekin hasi zen feria Azokan, eta festa giroa plaza osora zabaldu zen. Ohiko osagaiak izan zituen, besteak beste, taloak eta txistorra, gaztaina erreak, barazki postua, baserriko tresnen erakusketa, txalaparta, eta gaztagintza, saskigintza, txorizo eta xaboi eta ukendu naturalen txokoak. Olazabaleko ikasleek, bestalde, ikas-bidaiarako gozoak saltzen jardun zuten.
Asto Txu-txua ere ez zen falta, txikiei plazan zehar Urtatzako astoak tiratutako karroan ibiltzeko aukera eskainiz.