Gernikako Arbolaren Segurako kimuak 25 urte bete ditu
Udalak ekitaldi bat egingo du asteazkenean urteurrena gogoratzeko, eta plaka bat jarriko du. Zurbano etxeko lorategian dago zuhaitza.
Etzi, abenduak 21, 25 urte beteko dira Segurako Zurbano etxeko lorategian Gernikako Arbolaren kimu bat landatu zutela. Urteurren hori gogoratzeko, Segurako Udalak ekitaldi bat egingo du eta plaka bat jarriko du zuhaitzaren azpian, egun horretan bertan, 18:00etan.
Duela 25 urte herriko alkate zen Karmentxu Etxeberriak eskaera bat luzatu zion Aitor Esteban orduan Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidentea zenari, Segurako Udalak Gernikako Arbolaren kimu bat herrian landatu nahi zuela aho batez erabaki eta gero. Eskaera onartuta, 1997ko abenduaren 21ean landatu zuten kimua Zurbano etxeko lorategian.