Mari Romerok eta Marian Lasak jaso dituzte 2022ko Kultura Sariak
Romero idazlea da, eta kultura merezimenduaren saria jaso du. Lasa Santikutz abesbatzako zuzendaria da, eta herrigintzaren saria jaso du.
Kultur Etxeko areto nagusia jendez gainezka zegoela, Mari Romero idazleak eta Santikutz Abesbatzako zuzendari Marian Lasak Legazpiko 2022ko Kultura Sariak jaso zituzten, udaleko ordezkarien eskutik, joan den ostiralean. Sari banaketa ekitaldi xumea izan zen, eta Sustraiak dantza taldeko Maider Encinak dantzatutako aurreskuarekin eta Santikutz Abesbatzak abestutako bi kantekin osatu zen.
Iñigo Imaz Kultura zuzendaria izan zen ekitaldiaren zeremonia-maisua, eta bera arduratu zen bi saridunak aurkezteaz, eta Koldobike Olabide alkatea eta Erik Galvez zinegotzia arduratu ziren bi sariak entregatzeaz, Juan Mari Burguera artistak egindako bi eskultura txiki.
Mari Romero izan zen lehena, eta Imazekin batera idazle gisa egindako ibilbidea gogoratu zuen, argitara atera zuen La casa de la buhardilla lehen liburuarekin hasita. Azkena, Etxetorre-goikoa, donde no existe el olvido da, eta oraintxe puri-purian dago irakurleen artean. Saria jasotzean, herriak proposatutako aitortza zela nabarmendu zuen, bere “Legazpi maiteak emandakoa” eta “bihotz-bihotzez” eskertu zuen. Irakurleentzako esker hitzak ere izan zituen, baita familiarentzat ere, eta saria aurten hil den aitari eskaini zion.
Marian Lasak herrigintzaren saria jaso zuen, hain zuzen Santikutz Abesbatzan zuzendari bezala egindako 27 urteko ibilbideagatik, eta Ormazarreta zalditegitik herriarentzat egiten duen lanagatik. Abesbatza “familia bat” dela esan zuen, eta “ikaragarri gustatzen zaiola” ere bai. Urteen poderioz aldatuz joan dela azaldu zuen, “abesteko moduak, errepertorioak… beti ari gara gauza berriak sartzen, eta jendeak erantzuten du, eta hori hunkigarria da”. Zaldiekiko zaletasuna lanbide bihurtu izana ere gogoratu zuen, “zalditegia ireki genuen duela urte batzuk, eta hemen jarraitzen dugu, behar denerako”. Lasak ere eskerrak eman zizkien bere hautagaitza aurkeztu zuten herriko elkarteei, eta batez ere familiari.














