Merkatu Txikia eta Martin Pipas, Gabonetako jai kuttunak Haztegin
Legazpiarrek era askotako produktuak erosteko aukera izan zuten larunbat goizeko azoka berezian, eta arratsaldean haurrek Olentzerorentzako gutunak eman zizkioten Martin Pipasi. Musika eta dantza ez zen falta egun osoan.
Jai giroa zabaldu zen larunbat goiz eta arratsaldean zehar Haztegi ikastola ondoan, Latxartegi parkean. Ikastolako gurasoen, irakasleen eta DBH-4ko ikasleen artean antolatuta, Merkatu Txikia egin zuten goizetik, musikaz eta dantzaz lagunduta, eta legazpiar guztiei arropak, jostailuak edo liburuak erosteko mauka ederrak eskainiz.
Arratsaldean Gabon kutsua hartu zuen festak, eta Lehen Hezkuntzako 6. mailako abesbatzak, eta LHko eta HHko ikasleek Gabon kantak eskaini zituzten, Martin Pipasi harrera egiteko. Oletnzeroren laguntzaile horrek bere ohiko tokia hartu zuen gero etxolatxoan, eta herriko haurren gutunak jasotzen jardun zuen denbora luzez. Festa giroa osatzeko, txokolate beroa eta gailetak banatu zituzten bertaratutako guztien artean.