«Askorentzat sorpresa izan da nik liburua argitaratzea»
Gaztelania eta ingeles irakaslea da Lara Odriozola Garmendia (Legazpi, 1975) Haztegi ikastolan, baina orain literaturaren munduan murgildu da 'Ictus' nobelarekin. Astelehenean aurkeztu du, eta salgai dago.
Gazteleraz idatzi duzu Ictus.
Euskara nire ama hizkuntza da, baina euskaraz irakurtzeak gaztelerak eskatzen ez didan ahalegin bat suposatzen dit, horregatik gehiago irakurtzen dut erdaraz eta ingelesez. Idaztea ere natural gazteleraz ateratzen zait.
Letretarako zaletasuna txikitatik izan al duzu?
Beti gustatu zait liburuen mundua. Karrera aurretik ez nekien ondo zer ikasi, baina argi nuen liburu artean izango zela. Ingeles filologia ikasi nuen, eta asmatu nuen. Orain gaztelania eta ingeles irakaslea naiz Haztegin.
Noiz hasi zinen idazten?
Irakurtzea beti gustatu zait, eta idaztea ere bai, egunerokoak, poesia txikiak… baina inoiz ez dut kanporatu zaletasun hori, Koaderno pila bat ditut etxean, baina inork ez ditu ikusi, beti-beti izan dira niretzat. Horregatik askorentzat sorpresa izan da liburua argitaratzea, jendeak ez zekielako zertan nenbilen. Baina zoriondu egin naute, oso erantzun ona izan dut.
Nobela bat idatzi duzu.
Duela lau urte hasi nintzen. Ane Odriozola lehengusuak El secreto de Gibola liburua aurkeztu eta gero. Inbidia niola esan nion, eta gai txukunen bat banuen, nik ere idatziko nukeela esan zidan berak, animatu egin ninduen.
Zein zen gai hura?
Irakurri nuen artikulu batetik hartu nuen ideia. Beti pentsatu izan dut gaixotasunagatik edo zahartzaroagatik ezinean dauden pertsonak zaintzen dituztenek lan hori ondo egiten ote duten, ondo zainduta egongo ote diren pertsona horiek… Artikuluan abusuez eta tratu ez egokiaz hitz egiten zuten, eta pentsatu nuen horixe izango zela gaia.
Eta Stockholmen kokatu duzu.
Suedian girotu nahi nuen, urte bete egin nuelako han Erasmusa egiten. Baina nire Erasmusa atipikoa izan zen, unibertsitate giroan ibili beharrean eta hango egoitzan bizi beharrean, bertako jendeaz inguratuta egon nintzelako. Stockholmeko abesbatza batean hasi nintzen kantuan, eta han ezagutu nuen neska baten etxera joan nintzen bizitzera. Haren familia ezagutu nuen, suediarra ikasi nuen… Koruarekin jende eta leku asko ezagutu nituen… Erabat murgildu nintzen hango kulturan. Esperientzia berezia eta aberatsa izan zen.
Iktus bat da abiapuntua.
Bai. Emakume adindu bati iktusa ematen dio, eta ospitalean egonaldi luzea egin behar du. Bakardadeari aurre egin beharko dio, baita iraganari ere, iraganeko pertsona batzuk etorriko zaizkiolako kontu eske.
Nolako nobela da?
Nobela beltz eskandinaviarraren elementuak ditu istorioak, heriotza beti dago presente, eta klimaren eragina ere nabaria da. Baina thriller psikologiko baten kutsua ere badu, pertsonaia desberdinen arteko borroka mentala agertzen delako. Nobela korala da, pertsonaia desberdinak dira narratzaileak, eta gertaera beraren ikuspegi desberdinak ematen dituzte. Gainera, denbora plano desberdinetan garatzen da, eta bi plano nagusiak 1979 eta 2018-19 dira. Bestela, hizkuntzaren aldetik irakurterraza da.
Zer gai ukitzen duzu?
Nik beti pentsatu dut iraganean egiten dituzun ekintzek zure etorkizuna markatzen dutela, eta liburuan hori oso gai indartsua da, erruak bizitzan duen zamarekin batera. Destinoa eta gertaeren saihestezintasuna ere agertzen dira, baita ziklikotasuna ere. Eta ni ez nintzen konturatu, baina argitaratu aurretik liburua irakurri zuen batek esan zidan emakumeak ahaldundu egiten nituela errelatoan. Eta egia da, nobela honetan emakume fuerteak, indartsuak, autosufizienteak eta independenteak agertzen dira.
Zer gehiago diote irakurri dutenek?
Argitaratu aurretik oso jende gutxik irakurri du. Irakurle profesional bati ere utzi nion, eta bidali zidan txostenean gauza on asko zituela esan zidan. Beste batzuk aldatzeko ere gomendatu zidan, eta tira, batzuk bai, baina beste batzuk mantendu egin ditut zeuden bezala. Izan ere, horrela sortu dut liburua, eta horrela izatea nahi dut.
Autoedizioa da.
Bai, Circulo Rojo argitaletxearekin egin dut. Booktrailer bat ere egin dut, promoziorako, eta azala Beñat Olea ilustratzaile legazpiarrak egin zidan.
Nola joan zen aurkezpena?
Pozik gelditu nintzen, jende dexente hurbildu zen eta giro polita sortu zen. Hunkigarria eta gertukoa izan zela esan didate. Booktrailerra jarri nuen eta Ane izan nuen ondoan. Liburuaren bi lehen paragrafoak irakurri nituen, eta Suediako gailetak dastatu genituen.
Non dago salgai?
Hizkuntza eta Apatxo liburu dendetan, Mimaru lora dendan, Odriozola arrandegian eta Obena harategian, 17 euroan. Ea zer dioen jendeak orain. Kritikak egongo dira, eta egon behar dira. Ni hobetzen saiatuko naiz, idazten jarraitzea delako nire asmoa.
Ba al duzu zerbait esku artean?
Oraindik ez, baina hau guztia pasatzen denean, buruan daukadan ideia bat lantzen hasiko naiz. Beste nobela beltz bat izango da, beste gai batekin.
Zer dute Odriozolatarrek, bi lehengusu idazle ateratzeko?
Ez dut uste genetikoa denik. Baina Anek eta biok literatura asko konpartitu dugu, asko hitz egin dugu liburuei buruz, irakurtzeko aholkuak trukatzen ditugu…