Donejakue bidearen ondoko ikuspegiak
Igartzako aterpean ostatu ematen lan egin du urteetan, eta Donejakue bideko inguru horiek margotzeko ere baliatu zuen Xabier Arribas artista irundarrak. Beasaingo Aterpe tabernan du erakusketa.
Igartzako erromesen aterpetxean ostatu emaile izan zen bi urtetan —2019 eta 2022 urteetan— Xabier Arribas margolari irundarra. Aterpetxeko lanak uzten zionean margotu egiten zuen, kalean. Urte haietan egindako margolanak Beasaingo Aterpe tabernan ikusgai daude.
Arte Ederretan lizentziatua, Udal Akademian, Mensu eta Javier Sagarzazu artistekin eman zituen lehen zertzaladak eta gaur egun pintura irakaslea da Desde el camino izenburua duen erakusketaren autorea.
Arribasek berak azaldu duen moduan «azken urteetan, kalean margotzeko ohitura hartu dut, hori da niretzat margotzeko modu naturalena». Erakusketan beraz, Igartza monumentu multzoaren alboan dauden paisaiak ikus daitezke.
Teknikari dagokionez, oleoa aukeratu du, «lanerako jartzen duen erritmoa gustuko dudalako, eta gainera, akrilikoak eta akuarelak baino dizdira edo argi gehiago ematen dio lanari». Emaitzarekin «gustura» dago eta bere lana ezagutzera gerturatzeko gonbita luzatu du.
Eskertza
Bide batez, lerro hauetan, «Aterpeko arduradun Txomini eskerrak» eman nahi dizkio Arribasek, «35 urtetan kulturaren alde egindako guztiagatik».