Eguberrietako aparteko azoka, hilaren 28an
Urtero legez, aurten nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegiei Esker Oneko Ekitaldia egingo zaie. 19:00etan, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak Idiazabal Gazta eta Cava maridajea eskainiko du D'elikatuzen.
Datorren asteazkenean egingo da Ordizian Eguberrietako aparteko azoka, hilaren 28an. Urtean zehar udalak antolatzen dituen azoka berezietan azkena izango da. Erakusketak eta ekintza ugari antolatu ditu udalak herriko hainbat erakunderekin elkarlanean. Jai giroa izango da nagusi herrigunean, trikitilariak eta dultzaineroak ibiliko baitira kalerik kale.
Plaza Nagusian asteroko azoka izango da. Goizeko lehen ordutik aurrera, Garagartza plazan txerri eta txerrikumeak, ahuntz eta antxumeak, ardi eta arkumeak, astoak eta poniak egongo dira ikusgai. Nahiz eta sagar urte txarra izan den, errege-sagar eta fruitu lehor erakusketa txiki bat izango da.
Eskuz landutako produktuek ere edukiko dute haien tokia. Foie-grasa, eztia, gazta, ogia, gozokiak…eskuratzeko aukera izango dute herritarrek. Artisautza presente egongo da herrian banatutako hainbat postutan.
Idiazabal Gazta ekoizleei aitortza
Urtero legez, Idiazabal Gazta Jatorrizko Deiturak, Ordiziako Udalarekin eta Idiazabal Gazta Kofradiarekin elkarlanean, aurten nazioarte mailan sariak irabazi dituzten gaztandegien lana aitortzeko, Esker Oneko Ekitaldia antolatu du. Plaza Nagusian egingo da ekitaldia, 11:00etan.
Arratsaldean, berriz, 19:00etan, Idiazabal Gazta zaleek eguna borobiltzeko aukera izango dute. Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiak Idiazabal Gazta eta Cava maridajea egingo du D’elikatuzen. Aurrez izena eman behar da, D’elikatuzen bertan.