Munduari bira emango dio dantzan Korostik Gabonetako ikuskizunean
Abenduaren 29an egingo du, Urbeltz pilotalekuan. Taldeko 80 dantzari inguru izango dira parte hartzen, 4 urteko dantzari txikietatik hasita.
Urteari amaiera emateko, bidai bat proposatu du aurten Korosti dantza taldeak. Gabonetako ikuskizunerako azken entseguetan murgilduta dabiltza orain dantzariak, eta ia dena prest dute datorren asteko ostegunerako, abenduak 29, egin duten hitzordurako.
Munduari bira du izenburua Korostiren ikuskizun berriak, eta Urbeltz pilotalekuan eskainiko du, 18:30ean hasita. Sarrerak doan dira, baina aurrez hartu egin behar dira. Kultur Etxean daude eskuragarri hilaren 28ra arte, eta egun berean, hilaren 29an, pilotalekuaren sarreran bertan hartu ahal izango dira, ikuskizuna hasi baino ordu bete lehenago.
Sorpresaz beteriko bidaia
«Hiru kontinente bisitatuz eta bertako dantza eta kultura erakutsiz» egingo dute munduko bira hori dantzariek, eta bidaian zehar erakutsiko dituzten dantzen jatorria ezagutzean, «sorpresaren bat edo beste» izango dela aurreratu dute. «Batetik bestera bidaiatzeko garraiobide ezberdinetan barneratuko gara dantza eta musikaren bidez».
Dantza tradizionalak izango dira ikuskizunaren ardatza, baina «dantza, mugimendu eta pauso askoren arteko fusioa» nabarmenduko dute. Musikak eta eszenaratzeak ere «pisu handia» izango du emanaldian zehar, hau da, arropak, irudia, bestelako elementuak edo soinuak bidelagun garrantzitsuak izango dira, «bidaiaren momentu bakoitzean ikuslea ere bidaiaren parte sentiaraziz».
Munduari bira ikuskizunean 80 dantzari inguru izango dira parte hartzen, gaztetxo eta helduen artean, «4 urteko umetxoetatik hasi eta 40 urte luze dituzten dantzariak arte”.
Urte amaiera paregabea
Ikuskizun honekin, urte paregabeari emango dio amaiera Korostik. «Urte potentea izan da aurtengoa». Martxoan, 2020an ospatzekoa zen Gabon jaialdiarekin hasi ziren, eta Korrontzi musika taldearekin elkarlana etorri zen gero. Korrontzirekin hirutan izan dira urtean zehar: lehen aldiz Legazpin bertan, gero Eitb Jaian eta hirugarrenik, Korrontzi Benefic emanaldietan.
Kanpoan ere izan dira Legazpiko dantzariak, eta ekainean Ciudad Realera eta uztailean Bartzelonara joan ziren. Bisitatutako lekuetako bi folklore taldeekin batera ere egin dute dantza Legazpin bertan.
Gainera, Legazpiko eta beste hainbat lekutako Dantzari txiki festak ere martxan jarri dira berriro ere.
Hurrengo urteari begira ere jarrita daude, eta ohiko ekintzez gain, Korostiren 40.urteurrena ospatzeko atzerrira bidai bereziren bat egitea ere badago taldearen planen artean. Urtarrilean hasiko dira 2023. urteko ekintza eta proiektu berriak lantzen.
Momentu honetan, «Korosti ilusioz beterik» dagoela diote taldekideek. «Oso talde polita daukagu, eta haur eta heldu guztiak elkarrekin dantzan eta dantzaz gozatzen ikustea izugarria da». Horixe da hurrengo asteko hitzorduan egingo dute, denak elkarrekin dantza egin. «Gure ilusioa eta poza ikusleari transmititu nahi diogu, gurekin batera gozatu, irribarre egin eta emozioa sentitu dezaten».