Hurrengo Beitia Martxa azkena izan daiteke
Datorren urteko maiatzaren 21ean, Iñaki Beitiaren omenezko martxaren 25. edizioa egingo da. Antolatzaileek, erreleboa hartuko duen lan talde bat agertzen ez bada, utzi egingo dutela eman dute jakitera.
Antolatzaileek prentsa ohar bat bidali dute komunikabideetara erabakiaren berri emateko. Bertan, hurrengo edizioa 25.a izango dela gogoratu dute. «2023an 27 urte beteko dira Iñaki hil zenetik, eta haren omenez antolatzen dugun mendi martxaren hogeita bosgarren edizioa maiatzaren 21ean egingo dugu».
Esperientzia aberasgarria
Urte hauetan guztietan Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxa antolatzea oso esperientzia aberasgarria izan dela gehitu dute. «Denbora honetan bizipen ugari izan ditugu, pertsona asko ezagutu eta ekimen zoragarri bat burutu dugu jatorri, pentsamendu, ideologia, ibilbide… ezberdinetako gizabanakoekin lankidetzan. Zoriontsuak izan gara eta gutaz eta zuetaz, gure bidaiakideez, harro gaude».
Mendi martxa bizirik dagoela, baina beraiek nekatuta daudela aipatu dute. «Martxa bizirik, osasuntsu dago, goren mailan, baina denboraren joanak eragina izan du eta antolatzaileok ahituta sentitzen gara, agortuta, eta antolakuntza batzorderako erreleboko inor agertzen ez bada, hogeita bosgarren edizioa une egokia iruditzen zaigu uzteko», eman dute jakitera.
Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxa antolatzeari uzten bazaio, ekitaldi xumeagoren bat antolatuko dutela aurreratu dute antolatzaileek. «Hala gertatuz gero, Iñaki gogoratzen eta ohoratzen jarraituko dugu, baina modu intimoagoan».
Bukatzeko, herritarrek beraien erabakia ulertzea espero dute. «Gure erabakia ulertuko delakoan, aupa Iñaki!».