Beasaingo Kirol Sarietan kirolari beasaindarrei aitortza egin diete
Beasaingo Kirol Sarietan kirolari beasaindarrei aitortza egin diete. Hainbat aipamenez gain sari ugari banatu dituzte, besteak beste, Beasaingo Kirol Elkarteari, Elena Calvillo mendi lasterkariari, Ekain Imaz errugbilariari eta Indar Ingeteam entitateari.
Beasaingo Kirol Sarien 2022.urteko edizioan ere, beste urte batez, kirolari beasaindarrei eta haien ibilbideari aitortza egin diete. Ekitaldi hau 2016.urteaz geroztin egiten dute, Beasaingo Udalak antolatuta, eta hainbat izan dira orduztik sarituak izan diren kirolari beasaindarrak. Sariez gain hainbat aipamen ere banatu dituzte, talde, entitate eta kirolari desberdinei.
Ekitaldiari hasiera emateko Leire Artola beasaingo alkateak hartu du hitza. Eskerrak eman dizkie kirolari beasaindarrei haien ibilbidean zehar herriaren izena lau haizetara zabaltzeagatik eta horrela jarraitzeko indarra helarazi diete.
Ondoren, gaurko sarietarako izendatuak izan diren kirolariekin osatutako bideo bat jarri dute. Kirol desberdinak ikusi ahal izan dituzte bertan eta herriko kirolari gehienen aurpegiak ikusi ahal izan dituzte, bakoitza berean.
Aipamenak
Jarraian, aipamenekin hasi dira. Lehenik eta behin saskibaloia izan dute aipagai. BKL-ko hainbat talde eta pertsona omendu dituzte eta haien oroigarriak eman dizkiete. Horietako batzuk txapeldun izan dira Gipuzkoa mailan zein EAE mailan. Beste batzuk, aldiz, maila igoera bat lortu dute. Beraz, hau hala izanik, BKL Esparruri eta Pagoetari eman diete oroigarria emakumezkoen kategorian eta gizonezkoenean, aldiz, BKL Murumendi eta Arriri. Saskibaloiarekin jarraituz, beste hiru pertsonari ere eman dizkiete oroigarriak. Batetik, Enai Pascual saskibaloi jokalariari eman diote, gaixotasun batekin borrokan ibili den jokalaria da eta anaiak eman dio oroigarria. Oso une hunkigarria izan da eta malko artean bizi izan dute bi anaiek. Ondoren, Beasaingo saskibaloiaren eta BKLren ezinbesteko pertsona izan den Joseba Andoni Erauskin “Pepe” omendu dute, saskibaloiaren irakaskuntzan izan duen ibilbide oparoa dela eta. Amaitzeko, BKLko talde zein taldekideetatik taldekide ohi batera egin dute jauzi. BKL arrobi izan zuen eta beste hainbat klubetatik pasa ondoren Gipuzkoa Basketeko jokalari den Iñigo de la Hera jokalaria omendu dute.
Saskibaloia alde batera utzita, korrikalarietara jo dute. Bealak Klubeko emakumeen lasterkari taldea omendu dute, korrikalari hauek daramatzaten urteak eta izan duten ibilbideari aitortza egite aldera. Korrikalariekin jarraituz, atletismora egin dute jauzi, Ordiziako Txindoki Atletismo Taldeko kide den eta azken aldian sekulako emaitzak lortzen ari den Urko Etxebesteri aipamena egiteko. Bide beretik jarraituz, mendi aldera jo dute XV. Mendi Astea (Arrastaka eta Aizkorri Mendizale Elkarteak) eta X. Igartzako Mendi Duatloia (Trigoi eta Igarloi) omenduz.
Ondoren, kirol desberdinagoetara joan dira, hala nola, eski alpinoa, eskubaloia, powerlifting-a edota kung fu-a. Eski alpinoari dagokionean, Jone Gisasola eskiatzailea izan da oholtza gainean, bere oroigarria jasotzen. Oso gazte hasi zen kirolari hau eskiatzen eta bere ibilbidean zehar marka bikainak lortu izan ditu. Eskubaloiari dagokionean, bere familiako jokalari sagari jarraipena ematen ari zaiola aipatu duen Asier Larrañaga omendu dute eta esker hitzak besterik ez ditu izan, batez ere familiarekiko eta bereziki anaiarekiko. Powerlifting-a kirol ezezaguna izan arren Beasainen badugu ordezkari bat, Beñat Urretabizkaia. Urretabizkaiak powerlifting-aren nondik norakoak aipatu ditu lehenbizi eta bere ibilbidearen errepaso bat egin du ondoren, bere errekorrak eta garaipenak aipatuz. Aipamenekin amaitzeko, Kung fu-aren txanda izan da. Izaro Jerique, Maria Izquierdo eta Eneko San Roman omendu dituzte, Lorea CEWK wushu taldekoak azken urtean lorutako emaitzak direla eta.
Sariak
Behin aipamenekin amaituta, sarietara jo dute. Sariak banatzerakoan lehenengoa urteko kirol jardunaldiari eman dietena izan da. Hau, Goierriko Mendizale Beteranoek jaso dute. Ondoren, Indar Ingeteam erakundeari eman diete saria, babesleek kirolean duten garrantzia aipatzearekin batera.
Jarraian, gizonezko kirolariaren saria banatu dute. Aurtengoan Ekain Imaz errugbilariarentzat izan da sari hau. Imaz Ordizia Rugby taldea arrobi izan duen kirolaria da eta egun, Biarritz Olympique-eko jokalaria. Saria jasotzean arrobi izan duen talde ordiziarrari zein familia eta lagunei eman nahi izan dizkie eskerrak, ibilbide honetan bidelagun izan dituelako.
Sariekin jarraitzeko, emakumezko kirolariaren saria banatu dute. Elena Calvillorentzat izan da aurtengo saria. Calvillo oso ezaguna da herrian lasterketen munduan lortzen dituen emaitzak direla eta, eta azken urtean, emaitza bikainak lortu ditu gainera, batez ere Ehunmilak lasterketan. Beretzat oso berezia den lasterketa bat da hau eta aurtengo udan emakumezkoen kategoriako txapela janzteko aukera izan zuen. Mikrofonoa hartzean betiko humiltasun berarekin eskerrak eman dizkio Beasaingo herriari eta inguruan izan dituen kide zein familiartekoei.
Behin sari hauek banatuta galako sari nagusietara pasa dira: Ohorezko Beasain Saria eta 2022ko Sari Nagusia. Ohorezko Beasain Saria Beasain Kirol Elkarteak eraman du. Azken denboraldia ikaragarria izan zen futbol taldearentzat eta mailaz igotzea lortu zuten, klubarentzat momentu historiko bat biziz. Ondorioz, 2. RFEF mailara lortutako igoera dela eta epaimahaiak sari hau talde honi ematea erabaki du. Ondoren, amaitzeko, Ohorezko Beasain Sariaren misterioa argitu dute ikusleek, epaimahaiak bakarrik baitzekin azken unera arte norentzako izango zen sari hori. Elena Ruiz zinegotziak eman du albistea eta Elena Calvillo egin da aurtengo sari nagusiaren jabe, izandako ibilbideagatik, herriko kirol munduan duen garrantziagatik eta azken urteko Ehunmilak lasterketako emaitza bikainagatik, besteak beste.
Behin ekitaldia amaituta, mokadutxo bat hartzeko tartea hartu dute saritu zein ikusle guztiek.