Gabonetako azoka berezia beti bezain berezi
Gabonetako azoka bereziak, beste urtebetez, Ordiziako kaleak jendez eta postuz bete ditu. Giro bikaina izan dute goiz osoan zehar.
Asteazkenero legez, Ordiziako plaza jendez bete dute jakien eta ekoizleen bueltan. Hala ere, gaurkoa ez da edozein moduko asteazkena izan, izan ere, data berezi honek azoka berezia eskatzen baitzuen. Urtero egin ohi duten moduan, aurten ere Ordiziako Gabonetako Azoka Berezia egin dute. Denetariko produktuak izan dituzte bertan, hasi betiko ekoizleen barazki zein jakietatik, ezti, sagardo, haragi eta beste jakietatik pasa eta eskuz eginiko amantala, bitxi zein zapatetaraino.
Goiz osoan zehar jendetza ibili da azokan. Urtero izan ohi dute ikusle zein erosle kopuru handia eta aurtengoa ere ez da gutxiagorako izan. Talo postuetan sekulako ilarak izan dira goiz guztian eta ekoizle zein sortzaileek diotenaren arabera salmentekin «oso gustora» gelditu dira.