Omenaldia egin diete aurten erretiroa hartu duten merkatari beasaindarrei
2022.urtean erretiroa hartu duten merkatariak omendu dituzte Beasainen, haien lanagatik esker ona adierazte aldera.
Urtea amaitzen ari den honetan Beasaingo merkatariak elkartu eta omenalditxo bat egin diete 2022an erretiroa hartu duten merkatariei. Bakoitzak oroigarri bana jaso du Leire Artola alkatearengandik eta Elena Ruiz zinegotziaren eskutik.
Ekitaldiaren hasieran alkateak hartu du hitza. Artolak adierazi duenaren arabera, oroigarri hau eta omenaldi hau eskaini diete erretiratuei «herriari eskaini diotenagatik eta herriaren argazki horren parte izateagatik». Ondoren oroigarriak banatzen hasi dira pixkanaka-pixkanaka.
Jaione Crespo eta José Mari Martínez izan dira lehenak oroigarria jasotzen, Usurbe grafikaseko senar-emazteak; hauek «errelebo falta» dela eta denda itxi behar izan dutela aipatu dute, esker hitzen artean.
Ondoren, Xunai dendako Jokin Telleriaren txanda izan da eta oroigarria jasotzean hitz batzuk esan nahi izan ditu. Lehenik eta behin eskerrak eman nahi izan ditu eta ondoren mezu garrantzitsu bat helarazi du. Mezu horretan «herrian erostearen» garrantzia azpimarratu du eta horretara dei egin die bezero zein herritarrei, egungo egoera salatze aldera eta bertako merkataritzari bere bultzadatxoa emateko asmoz.
Azkenik Arnedoko Txokoa dendako Basilio Gil Marín omendu dute. Honek ere oroigarria jasotzean esker hitzak besterik ez ditu izan.
Behin hau amaituta, erakuslehioen sari banaketarekin hasi dira.