Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Ordizian ospatu dute haien urtebetetzea
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek haien 35.urtebetetzea ospatu dute gaurkoan Ordizian, 'Urteak bete, abenturak bizi' emanaldiarekin. Bi saio egin dituzte gaur arratsaldean, eta bietan kiroldegia bete dute sudurgorriek.
35 urte dira Euskal Herriko pailazorik ezagunenak edo ezagunenetakoak irribarreak banatzen hasi zirela lurralde osoan zehar. Gaurkoan, urtebetetzea ospatzeko prestatu duten Urteak bete, abenturak bizi emanaldia eskaini dute Ordiziako Majori Kiroldegian.
Emanaldia hasi aurretik, ohi bezala, Seaskako kideen tartea izan da, hauentzat dirua lortzeko ekitaldia izaten baita gaurko egunez Ordizian egiten dena. Beraz, behin hau gogoratu ondoren, zozketa egin dute eta ondorengo zenbakiak izan dira sarituak: 1. 1037 ; 2. 614 eta 3. 292. Sari guztiak iparraldera joan dira gaurkoan. Zozketaren ondoren, Urruñako eta Ziburuko ikastolako haurrak izan dira oholtzan, Xabier Solanoren Bidasoatik harago abestia abestuz.
Argiak itzaltzean hasi da festa Ordiziako Majori kiroldegian. Sudurgorriak oholtzaratzean haurrek sekulako txalo zaparradarekin egin diete harrera eta ilusioz bizi izan dute unea. Ordubete inguruko saioa izan da gaurkoa eta bertan, bidaia batean murgildu ahal izan dira ikusleak, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin zein bidean topatzen zihoazen haien lagunekin, hala nola, Kintxo, Amona Josefina, Poxpolin eta abar. Istorio hau guztia abestiz eta dantzaz lagunduta eskaini dute, izan betiko abesti ezagunak zein berriagoak. Haurrak jo ta su aritu dira dantzan. Hasieran eserita ikusi dute ikuskizuna, baina segituan animatu dira etxeko txikiak eta pailazoekin dantzan aritu dira, gogotsu. Amaierarako gurasoren bat edo beste ere altxatu da haurrekin dantzan egitera. Giro bikaina jarri dute denen artean eta une oso politak bizi izan dituzte elkartasun emanaldi honetan.
Arratsaldeko 16:00etan eskaini dute ikuskizuna gaur lehenengoz eta ondoren, bigarren emanaldi bat egin dute 18:30ean. Bietan ala bietan kiroldegia haurrez zein gurasoz lepo egon da, elkartasuna adierazi Seaskako ikastolei eta ikuskizunaz gozatzeko.