Errege Magoentzako gutunak asteazkenean bilduko dituzte
Azokan egongo dira erregeen laguntzaileak, 18:00etatik 19:30era. Errege Magoen Kabalkada 18:30ean abiatuko da ostegunean, Bikuña kiroldegi paretik.

Melchor, Gaspar eta Baltasar errege magoen laguntzaileak asteazkenean, hilak 4, etorriko dira Legazpira, eta Azokan egongo dira, 18:00etatik 19:30era arte, legazpiarren gutunak jasotzen.
Errege Magoak hurrengo egunean iritsiko dira, eta kabalkada egingo dute herrian zehar. Desfilean parte hartu nahi dutenek, ostegunean, urtarrilak 5, Bikuña kiroldegian agertu beharko dute, 17:00etan. Eta ibilbidean zehar opariak jaso nahi dituztenek, kiroldegira bertara eraman beharko dituzte 16:30etik 17:30era bitartean.
Errege Magoen kabalkada
Zamalkada 18:30ean abiatuko da Bikuña kiroldegiaren paretik, Errege Magoak Ormazarreta zalditegiko zaldien gainean direla. Segizioak bi geldiune egingo ditu ibilbidean zehar, lehena Laubide kalean, eta bigarrena Euskal Herria plazan. Korosti dantza taldeak kudeatu du aurten ere kabalkada, eta dantzariak ez dira faltako.
Kabalkada Euskal Herria plazan amaituko da. Jaiotza egongo da jarrita han, udaletxeko arkupean, eta erregeek ohiko eskaintza egin eta gero, udaletxeko balkoira igoko dira.