Gogoz estreinatu dute legazpiarrek Gabonetako haur parkea
Bihar goiz eta arratsaldez egongo da irekita, eta asteazken eguerdian itxiko ditu ateak. Saio bakoitzeko 2 euro ordaindu behar da sarrera.
Legazpiko haurrek eta gaztetxoek gaur goizean estreinatu dute Gabonetako haur parkea, eta asteazken eguerdira arte izango dute han eskainitako atrakzioez gozatzeko aukera. Urbeltz Pilotalekuan eta Azokan daude jarrita puzgarriak, jolasak, txokoak eta abar.
Parkea 2 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat da, eta goiz eta arratsaldez egongo da zabalik gaur eta bihar, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era, eta goiz partez bakarrik etzi, baina 13:30era arte. Saio bakoitzerako sarrerak bi euro balio du.
Pilotalekuan eta Azokan
Urbeltz pilotalekuko pista gune desberdinetan banatuta dago. 2-5 urtekoen gunean bi puzgarri eta ludoteka daude, psikomotrizitateko gailuekin eta moketadun lurzoruarekin. 6-10 urtekoen gunean Mari Domingi txirrista eta Olentzero puzgarria daude, eta 11-14 urtekoen gunean Bungee Run, puzgarri interaktiboa eta giza futbolina.
Pilotalekuko goiko aldean sei play eta lau aire joko daude, eta Sorgintxuloren makillaje, kareta, postal eta marrazki txokoak ere bai.
Azokan, bestalde, labirintoa, pedal bidezko ibilgailuen zirkuitua eta mini-golfa daude.