Desjabetzea ekiditeko, Botikaetxea saldu dio La Caixak Ataungo Udalari
Lehen errefusatu zuen akordioa berreskuratu du banketxeak, eta urtea bukatzerako itxi du hiru urte luzatu duen operazioa. Eraikina eta lur saila 60.000na euroan erosi dira.
Nahi denean ahal dela garbi erakutsi du La Caixa banketxeak Ataungo Botikaetxea eta inguruko lur sailak saltzerakoan. Ataungo Udala 2019ko uztailetik zebilen eraikina eta lurrak erosteko nahian, eta salmenta birritan zapuztu ondoren, 2022. urtea ahitzerako, astebetean eman dio irtenbidea banketxe kataluniarrak auziari. Abenduaren 30ean, Ordiziako notaritzak erosketa eskriturak sinatuta, Ataungo Udalaren jabetzara pasatu dira San Martin auzoko plazan dauden Botikaetxea —Aierdi Enea du jatorrizko izena— eta aldameneko 600 metro koadroko saila.
Agintaldiko helburu bat bete izanarekin pozik, eta tratuaren baldintzekin konforme azaldu da Martin Aramendi alkatea. «Lanik gehienak luzatzen dira, bai tramiteak direlako, bai gure esku ez dauden gauzengatik, eta hau ere luzatu da; uste baino askoz gehiago luzatu ere, 2019ko uztailetik hasi eta orain arte», azaldu zuen atzo alkateak.
Akordioa bi aldiz itxita eduki du udalak La Caixarekin, baina bietan atzera jo zuen gero banketxeak. «Ustez itxita zegoen, eta atzera egin zuen bi aldiz La Caixak. Orain ere beldur hori nuen, eta eskriturak sinatu arte ez nuen sinistu. Eurak mugitu dira oraingoan, gainera. Ez dakit urtea ixteko kontabilitate kontuengatik nahi zuten edo, baina lehengo astean mugitu zuten dena». Ostiralean saldu zuen.
Desjabetzearen mehatxua
Denbora bazihoala ikusita, Ataungo Udalak desjabetze espedientea onartu zuen, iaz. Giltzarria izan da hori, La Caixak azkenean sal zezan. «Akuilua hori izan da. Etxea 20.000 euroan baloratzen zen desjabetze espedientean».
Azkenean, 2021eko uztailean adostutako terminoetan gauzatu da salerosketa: Botikaetxeagatik 60.000 euro eta alboko lur sailagatik beste 60.000 euro ordaindu dizkio udalak La Caixari. «Tratu ona da guretzat. 2021eko udan adostu genuen prezioa da. Ataunera etorri ziren La Caixaren bi teknikarirekin adostu genuen prezio hori. Eta kalkulua ere hala eginda geneukan. 68.000 euro inguru; zerbait beherago atera zaigu, beraz».
Plazaren jarraian, 600 metro koadroko lur sail urbanizagarria geratu da orain udalaren esku. Ez dena, jabetzaren %74,11 delako herriarena, eta gainerakoa bi jabe partikularrena.