Igartubeitik Ars Natura egoitza artistikoa antolatu du Zerainen
Proiektuaren helburu nagusia landa eremuko herriek jasan duten bilakaera aztertzea da. Zerain da ardatza. Egonaldia otsail eta martxoa bitartean egingo da Zerainen.
Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoak Ars Natura egonaldi artistikoa antolatu du. Ekimenaren helburu nagusia landa inguruneko bizimodua aztertzea da, eta baita, bide batez, bizitzeko modu berrien inguruko hausnarketa sustatzea ere. Egonaldia edo Ars Natura egoitza Zerainen gauzatuko da otsailaren 13tik martxoaren 19ra bitartean. Egonaldia Barne Begiradak proiektu zabalago baten parte da eta Europako Next Generation funtsen bidez Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko eremu ez hiritarretan kultura eskaintza zabaltzeko eta dibertsifikatzeko laguntzek finantzatuta dago. Orain proposamenak bidaltzeko epea ireki dute, Gipuzkoako adin nagusiko artista eta sortzaileei zuzenduta. Proposamenak aurkezteko azken eguna hilaren 30a izango da.
Zeraingo udalerria izango da proiektuaren ardatza eta abiapuntua. Zerain landa eremuko herria izanik, bere errealitateak azken mendeetan izan duen bilakaera aztertzea eta etorkizunean izango dituen erronken inguruan hausnartzea izango dira egonaldian landu beharreko gai nagusiak.
Ohituren aldaketa sakona
XX. mendearen erdialdera arte, Zerain nekazaritzari erabat lotutako herria izan da, eta bere egitura sozial, ekonomiko eta urbanoaren oinarria baserria izan da. Horixe izan da, hain zuzen, herriko harreman-sare ekonomiko eta sozialen elementu egituratzailea. XX. mendearen erdialdetik aurrera industrializazioak eta hari lotutako bizimoduek landa herrietako erritmoa, beharrak eta ohiturak aldatu zituen, eta Zerainek, beste hainbat herrik bezala, aldaketa sakona jasan zuen.
Garai batean ez bezala, gaur egun, Zeraingo biztanle gehienak industriatik bizi dira, nahiz eta baserriak eta baserriari lotutako ondareak herriaren nortasunaren osagai esanguratsu izaten jarraitzen duten. Aldaketak landa-ingurunea definitzen zuten ezagutzak, ohiturak eta lanbideak galtzea ere ekarri zuen.
Hain zuzen, Ars Natura egonaldi artistikoaren bitartez, arteaz baliatuta, gaur egungo testuinguruan landa ingurunea definitzeko gakoak behatzea eta horiei nola heldu proposatzea bilatu nahi da. Horretarako, Zeraingo biztanleen parte hartze aktiboa erabakigarria izango da.
Memoria eta tradizioa
Aurkeztutako proiektuek lurraldean bizitzeko modu berrien inguruko hausnarketak planteatu beharko dituzte. Memoria eta landa-inguruneari lotutako jakintza tradizionalak izango dira ardatz nagusiak. Lurraldearen, kulturaren eta gizarte eraldaketaren arteko loturatik abiatuta proiektuak zuzenean landuko dira Zeraingo udalerriko tokiko komunitateekin lankidetzan bertako biztanleen interesak, motibazioak eta beharrak ezagututa.
Proiektuak askotarikoak izan daitezke: arte bisualak, ikus-entzunezkoak, instalazioa, Land Art, argazkilaritza, soinua, antropologia, ikerketa, eskultura, performancea… Proposamenek ikerketa eta ekoizpen oinarri bat izan beharko dute, banaka edo taldeka aurkeztu daitezke eta aurrez argitaratu gabeko proposamen bakarra aurkeztu ahal izango da.
Proposamenak urtarrilaren 30eko 17:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidean. Oinarriak eta proiektuaren nondik norakoak web gunean daude jada eskuragarri.