«Dakar rallya nire lana ezagutzera emateko aukera paregabea da»
Anne Zufiaur (Zumarraga, 1996) auto zalea da eta bere ametsetako bat bizitzen ari da: Dakar rallyan parte hartzen ari den talde batentzat komunikazio lana egiten ari da.
Ze ikasketa egin zenituen?
Komunikazioa ikasi nuen, Deustuko Unibertsitatean. Oso argi nuen. Txikitatik gustatu zait argazkilaritza, bideoak editatzea, publizitatea… Nire burua komunikazio munduan ikusten nuen. Ikasketak bukatu nituenean, dokumental txiki bat egin nuen. Banekien ikus-entzunezkoena zela hartu beharreko bidea. Sare sozialetan ere asko lan egiten dut. Asko gustatzen zait komunikatzeko era hori.
Non lan egin duzu orain arte?
Denetik egin dut. Publizitate agentzi batean lan egin dut, Ulma enpresaren komunikazio arloan… Karrera eta masterra egin ondoren, Sevillara joan nintzen espezializazioa egitera: komunikazioa motor munduan. Jende gehiena futbolean edo saskibaloian espezializatzen da. Motor munduan espezializatzeko aukera zegoela jakin nuenean, ez nuen zalantzarik izan. Diziplina ezberdinetako proben antolaketa, komunikazio taldeek nola lan egiten duten… irakatsi ziguten. Carlos Sainzekin eta Antonio Lobatorekin hitz egiteko aukera izan genuen, besteak beste. Motor mundua txikitatik gustatu zait.
Aita oso auto eta moto zalea duzu.
Txikitatik motor mundua bizi izan dut. Dakar rallya, adibidez, txikitatik ikusi dut.
Dakar rallya al da zure kuttuna?
Mundu mailako proba arriskutsuena eta gogorrena da. Moto GPa ere gertutik jarraitzen dut, baina Dakarraren arrisku kutsua asko gustatzen zait.
Dakar rallyan parte hartzen ari den talde batentzat aritzea zure ametsetako lana da, beraz.
Hala da. FN Speed Team taldearen sare sozialez arduratzen naiz. Horretaz gain, bere kasa parte hartzen ari den quad pilotu batentzat ere lan egiten dut: Dani Vila. Motor munduko jendeari nire lana ezagutzera emateko aukera paregabea da. Izan ere, FN Speed Team taldeak eta bere pilotuek jarraitzaile asko dituzte sare sozialetan.
Lan gogorra izaten ari al da?
Bai. Edukiak (bideoak, argazkiak, etapa ondorengo adierazpenak…) handik bidaltzen dizkidate. Material asko jasotzen dut denbora gutxian eta azkar lan egin behar dut dena lehenbailehen argitaratzeko. Ahalik eta modu erakargarrienean eta hiru hizkuntzetan, gainera (ingelesa, frantsesa eta gaztelera). Oso esperientzia polita izaten ari da. Goizetik gauera lan egiten ari naiz, baina oso pozik. Hurrengo pausoa hara joatea eta handik lan egitea izango litzateke, baina taldeentzat oso garestia da jendea bertara eramatea.
Nola suertatu da Dakar rallyan lan egiteko aukera?
Espezializazioa egin ondoren, Teledeporte telebista katean egin nuen praktiketako proiektua. Motorraren munduko jendea ezagutu nuen, nola lan egiten dudan ezagutzeko aukera eduki zuten eta Kataluniako FN Speed taldea nirekin harremanetan jarri zen Dakar proban sare sozialez arduratzeko. Dani Vila pilotuarekin ere antzera gertatu zen. Lehenengoz parte hartzen ari da Dakar proban eta sare sozialez arduratuko zen norbait behar zuen.
Zer diozu FN Speed Team taldeari buruz?
Talde handia da. Bederatzi autorekin eta kamioi batekin parte hartzen ari da Dakar proban. Hori dela eta, lan asko dut. Gainera, Dakar rallyko pilotu gazteen talde horretakoa da. Pau Navarro du izena eta lehen etapan bigarren egin zuen. Hori oso ona da berarentzat eta taldearentzat, gure lanari ikusgarritasuna ematen baitio. Vilari dagokionez, bakarrik ari da, Original by Motul kategorian. Ez du laguntzarik: berak egin behar du mekanikari lana, kanpin-denda batean lo egiten du… Kategoria gogorrena da eta lehen aldiz parte hartzen ari da Dakarrean.
Motor mundua gizonezkoen mundua izan da orain arte.
Pixkanaka aldatzen ari da, zorionez. Geroz eta emakume gehiago ikusten dira, ez bakarrik pilotu eta kopilotu bezala, baita mekanikari edo ingeniari lanetan. Bestalde, komunikazio sailean asko emakumezkoak gara. Ez dut inoiz diskriminaziorik sentitu, baina neska gutxi gaude oraindik mundu honetan eta berdintasunaren alde lan egin beharra dugu. Aukera berdintasuna lortzen badugu, emakumezko kopuruak gora egingo du.
Zuk lasterketetan parte hartu al duzu inoiz?
Aitaren kopilotua izan naiz erregulartasun rallyetan eta asko gustatzen zait lehiatzea, baina oso garestia da. Oraingoz, kameraren atzean jarraituko dut. Aukera suertatuko balitz, baiezkoa emango nuke.
Aita mekanikaria duzu lanbidez. Zuri ere gustatzen al zaizu motorrak konpontzea?
Batzuetan horretan ere ibiltzen naiz. Aitak auto gainean joateko behekoa ere ukitu beharra dagoela esaten dit. Ikastea tokatu zait eta ahal dudan guztietan aitari laguntzen diot.