San Bartolome ermitako teilatua berritzeko diru bilketa jarri du martxan Osbelek
Azken 5 urteetan Gure Iragana taldeko Nerea Iraola eta David Cano historialariek eta Iosu Etxezarraga arkeologoak egindako indusketei esker, 11 mende egin dute atzera, eta Ordiziaren jatorria San Bartolome ermitaren inguruan kokatu dute.
Osbele Ordiziako San Bartolome Ermitaren Lagunen Elkarteak diru bilketa kanpaina jarri du martxan, Babestu teila batekin lelopean. Ekimenaren bidez, Ordiziaren sorrera egituratu zuen ermitaren teilatua konponduko dute. 5 eurorekin teila bat babestuko du parte hartzen duen herritar bakoitzak. Dohaintza bizum bidez edo banku-transferentzia bidez egin daiteke.
Osbelek bideo baten bidez azaldu duenez, 2016an, San Bartolomeko auzotar talde batek elkartea sortzeko konpromisoa hartu zuen, ermitaren egoera ikusita erakundeen aurrean indarra izateko. 2017an elkarte izaera hartu zuten, ermitaren zaharberritze lanak auzolanean egiteko, lekuaren memoria historikoa zaintzeko eta erakundeen artean bitarteko lanak egiteko helburuarekin.
Herritar talde horren ekimenari Gure Iragana taldea batu zitzaion ondoren, Nerea Iraola eta David Cano historialariekin. Haiek indusketak bultzatu zituzten, eta Iosu Etxezarraga historialari eta arkeologoak proiektuarekin bat egin zuen gero. Kanpaina ezberdinetan, hainbat aurkikuntza egin dituzte, Ordiziako herriaren jatorria San Bartolome ermitaren inguruan kokatuz. Herriaren ardatza ermitak berak osatzen zuen garai batean. 11 mende egin dute atzera azken 5 urteetan egindako aurkikuntzekin, eta hiru garai ezberdinetako aztarnak jaso. Gaur egun dagoen ermitaz gain, beste bi eliza izan zirela zehaztu dute, eta hirugarren baten zantzuak topatu dituzte.
Oraindik paretarik ez
Nerea Iraolak azaldu duenaren arabera, egungo San Bartolome ermitaren oinarria 15. mendekoa da. 1.300 urtea baino pixka bat lehenagoko eliza baten aztarnak ere topatu dituzte, eta 12. mende bukaera eta 13. mende hasiera arteko beste baten aztarnak ere bai. Horiez gain, X. mendean beste eliza bat zegoela baieztatu ahal izan dute. 2018an, X. mendeko hildako bat agertu zen, eta 2020an, horma batean egon beharko luketen garai bereko pintura arrastoak. «Pinturak eta hildakoa datatuta daude karbono 14 sistema erabiliz. X. mendean beste bat zegoela baieztatzen digute, baina pareta arrastoak ez dira agertu oraindik».
Dohaintzak
Osbele elkarteak martxan jarritako diru bilketan parte hartzeko, Bizum bidez Osbele izena aukeratu behar dute herritarrek. Banku-transferentzia egiteko kontuak, aldiz, ES47 2095 5073 0191 2209 7471 (Kutxabank) eta ES02 1550 0001 2800 0518 0427 (Fiare Banca Etica) dira.