Diego Cuartero: «Argentinako selekzioak jokatzen duenean, dena gelditu egiten da»
Diego Cuarterok (Nogoya, Argentina, 1975) 15 urte daramatza Euskal Herrian. Ostalaria da. Munduko Kopako garaipenaz eta bere herrialdeak bizi duen egoeraz hitz egin du.
Non jaio zinen?
Entre Rios probintziako Nogoya hirian jaio nintzen. Ondoren, Cordobara joan nintzen. Bertan, familia osatu nuen eta seme-alabak izan nituen. Hiru seme-alaba ditut: 26, 24 eta 22 urte dituzte. Argentinan bizi dira.
Noiz eta nolatan etorri zinen Euskal Herrira?
2007an etorri nintzen. Hango egoera ekonomikoa ez zen batere ona, nire aita Legazpin bizi zen eta etortzeko aukera suertatu zen. Hasieran tailer batean lan egin nuen. 2009an langabezian gelditu nintzen eta ostalaritan lan egiten hasi nintzen, Berit tabernan. Iñigo eta Jone ziren orduan Berit tabernako nagusiak. 2012an Javi lankideak eta biok hartu genuen Berit taberna. 2018an Txindoki kafetegia hartu nuen. Handik sei hilabetera Berit uztea erabaki nuen. 2021ean Urzubi taberna ireki nuen, Mikel Etxanizekin eta Iñaki Ruiz de Egilazekin.
Argentinan ere ostalaritzan aritzen al zinen?
Ez. Beti pasadizo bera kontatzen dut. Berit tabernan hasi nintzenean, terrazako bezero batek lixiba bat eskatu zidan. Nik ez nekien lixiba zer zen. Garagardoa limoiarekin zela esan zidaten. Barrara sartu eta Pulco botila ikusi nuen: limoi kontzentratua. Lixiba horrekin egin nuen. Edanezina zen, noski. Zorionez, Jone lankideak asko lagundu zidan. Zortzi urte eman nituen berarekin lanean eta berak irakatsi zidan dakidan guztia.
Argi dago ostalaritza asko gustatu zaizula.
Hala da. Jendearekin egotea asko gustatzen zait. Bestalde, gauzak prestatzeko goiz jaikitzea ez zait gogorra egiten.
Lan asko duzu.
Zorionez, oso lan talde onak ditut. Txindokiko lankideek bost urte daramatzate nirekin. Urzubin ere sekulako lan taldea dugu.
Euskal Herrian primeran moldatu zara.
Euskal Herrira etortzeko asmoa nuela esan nuenean, bertako jendea oso itxia zela esan zidaten. Nik ez nuen inongo arazorik izan. Hasieratik oso babestua sentitu nintzen. Ezin dut esan euskaldunak itxiak direnik. Eta Euskal Herriko bizimodua asko gustatzen zait. 2009 amaieran Argentinara itzuli nintzen. Hamar hilabete eman nituen bertan eta Euskal Herrira itzultzea erabaki nuen. Izan ere, ordurako hemengo bizimodura eta bizi kalitatera ohitua nengoen.
Dagoeneko apur bat euskaldunduta zaude, beraz.
Hemen jan nuen lehenengo txuleta gorri-gorria atera zidaten eta ezin izan nuen jan. Gehiago erretzeko esan nien, zapata bat bezala utzi zuten arte. Egun, berriz, sagardotegira joatea izugarri gustatzen zait. Poteatzea ere asko gustatzen zait. Seme-alabak etortzen direnean, sagardotegira eramaten ditut. Semeak gutxi egindako haragia jateko gai dira, baina alaba ez.
Zer diote zure seme-alabek?
Oso pozik daude, ondo ikusten nautelako. Nire familia han dut, baina hemen bigarren familia dut: kuadrilla. Beraiei esker, askoz ere eramangarriagoa zait seme-alabak urruti edukitzea.
Argentinara itzultzeko asmoa al duzu?
Bai. 10-15 urte barru Argentinara itzuli nahi dut. Hemen oso gustura nago, baina seme-alabak han daude. Beraien haurtzaroa, nerabezaroa, heziketa… galdu dut. Beraiekin zorretan nago eta etorkizunean beraiekin egon nahi dut.
Argentinan ere tabernaren bat irekitzeko asmoa al duzu?
Ez dakit zer egingo dudan. Hango ostalaritza hemengoaren oso ezberdina da. Han kafetegiak eta gaueko lokalak bakarrik daude. Han ez dago pintxorik edo poteorik. Bestalde, itzultzen naizenerako 60 bat urte izango ditut eta adin horrekin beharbada ez naiz halako abenturetarako egongo.
Ze egoera bizi da Argentinan?
Txarra. Argentinak urte asko daramatza gaizki. Euskal Herrira etorri nintzenean Argentina gaizki zegoen eta gaizki jarraitzen du. Itzultzen naizen bakoitzean, okerrago aurkitzen dut. Nire ustez, errua politikariena da. Kudeaketa txarra egiten dute. Toki guztietan daude kudeaketa arazoak, baina Argentinan urte asko daramatzagu arazo horrekin. Asko kostako zaigu burua altxatzea.
Argentinarrek futbola, eta batez ere selekzioa, eguneroko arazoak ahazteko erabiltzen al dituzte?
Hala da. Selekzioak jokatzen duenean, arazo guztiak ahazten dituzte. Lehendakariordeak berak, azaroan eta abenduan krisia ahaztuko zutela esan zuen, Munduko Kopa jokatu behar zelako. Eta hala da. Argentinak jokatzen duenean, dena bertan behera uzten da: ikastetxeetan ikasleei partidak ikusteko baimena ematen diete, kaleak hustu egiten dira… Dena den, aurten selekzioari egin zaion jarraipena inoiz baino handiagoa izan da. Zergatik? Denbora asko generaman partidarik galdu gabe, Amerika Kopa irabazi genuen, Messiren azkeneko Munduko Txapelketa izan da… Jendeak itxaropen handia zuen. Argentinar asko joan dira Qatarrera eta argentinar batentzat oso garestia da Qatarrera joatea.
Asko sufritu al duzu?
Bai. Lehen partida galdu egin genuen eta beste bat galduz gero etxera joango ginatekeen. Partida guztiak ikusi ditut. Lehenengoa Urzubi tabernan ikusi nuen. Bigarrena etxean ikusi nuen, bakarrik, oso urduri bainengoen. Telebista bat apurtu behar banuen, etxekoa izan zedila. Hirugarrena, Poloniaren aurkakoa, 18:30ean izan zen. Txindoki taberna ohi baino lehenago itxi nuen eta bezeroei barkamena eskatu nien. Gainontzeko partida guztiak Izazpi tabernan ikusi nituen, argentinarron topalekuan. Argentinar asko elkartzen ginen, baina bertako jende asko ere joaten zen.
Zer diozu finalaz?
Sekulakoa izan zen. 25-30 lagun elkartu ginen bazkaltzera. Ondoren, inguruko argentinar gehiago etorri ziren partida ikustera. Asko sufritu genuen, baina are gehiago gozatu. Partida bukatu ondoren, garaipena ospatu genuen Zumarraga eta Urretxuko kaleetan. Hurrengo egunetan jende askok zoriondu ninduen. Jende askok Argentinak irabaztea nahi zuen, bertan bizi garen argentinarrongatik. Maitasun handia sentitu dugu. Eta Argentinako ospakizunei buruz, zer esan… Bost milioi lagun atera ziren kalera eta hainbeste jenderen artean batek edo bestek burua galtzea ez da harritzekoa. Irudiak ikusten ditudan bakoitzean, hunkitu egiten naiz. Bertan ez egotea pena izan zen.
36 urte zeneramaten Munduko Kopa irabazi gabe.
Oso ondo etorri zaigu. Arazo guztiak ahaztu ditugu. Baina arazoak hor daude, noski. Beste gauza batzuetarako ere denok bat egingo bagenu, baina…
Maradona ala Messi?
Ni Messi zalea naiz. Maradona ere gustatzen zait, baina Messik hamabost urte daramatza munduko onenen artean eta dena irabazi du. Egia da ere 1986ko Munduko Txapelketa irabaztea eta Napolirekin Scudettoa irabaztea sekulakoa izan zela. Garai ezberdinak ezin dira konparatu, baina ni Messi zalea naiz.