«Egungo beharrei erantzuteko» udal aurrekontua egin du Zaldibiak
2023ko ekitaldirako 2,1 milioi euroko diru saila onartu du, EH Bilduren aldeko botoz. EAJ, aurka. 'Ertzetako' lanketak, herriko eragiletza eta arlo ekologikoa dira ardatz
Zaldibiako Udalbatzak abenduaren 27ko ezohiko osoko bilkuran onartu zuen 2023rako udal aurrekontua, astebete lehenago herri batzarrean erakutsitakoaren ildotik. EH Bilduren aldeko sei botorekin atera da aurrera, eta EAJk (3) aurka bozkatu du. Guztira, 2.114.838 euro dira.
Agintaldiko azken aurrekontuek 2022ko ekinbideari jarraituko diote, nagusiki. Aurrekontuen atzeko politika modura, hiru zehar-lerro nabarmendu ditu Eztitxu Mujika alkateak: Ertzak erdigunera proiektua, «ertzean» dauden gaiak lantzeko —berdintasuna, aniztasuna, gazte, haur eta adinekoak, nahiz horien inguruko proiektu, zerbitzu eta instalazio ugariak sartzen dira hor—; Herri Bizia programa, herriko elkarte eta eragileekin ekintzak sustatzeko; eta erronka ekologikoa eta landa garapena —konpostajea, basoak lehengoratzea, jasangarritasun energetikoa edota mugikortasun jasangarria—. «Gaur egun daukagun egoerari eta dauden beharrei erantzuteko aurrekontuak dira», azaldu du alkateak.
Udalaren helburua «kalitatezko zerbitzuak» ematen jarraitzea dela gaineratu du. Zuzeneko kontratazioa, udal langileen baldintzak eta formakuntzari «garrantzia» emango die 2023an ere. «Denari ezin zaio aurre egin udaletik, eta herritar, eragile eta erakundeekin elkarlanean aritzea da ildoa».
Zentzu horretan, iazko aurrekontuak egikaritze maila «altua» izan duela esan du udalak. Aurrekontuko diruez gaindi, diru laguntzetan beste 300.000 euro lortu zirela ere bai.
Inbertsioak
Gastuen atalean, ohiko mantenu eta ordainketa zenbait «inbertsio gisa ulertzen» dituztela azaldu du udal gobernuko EH Bilduk —ikus goiko zerrendako bigarren atala—. Horiez gain, inbertsio errealetarako 118.500 euro bideratuko ditu guztira. Plaza eraberritzea (30.000 euro), eskola aldea eta Olalde (4.000), Kimueneko altzariak (6.000), sarraila elektronikoak (4.000), jasangarritasun energetiko plana (6.000), auzokoponsta eta ekonomia zirkularra (30.000), Resti pilotalekua margotzea (20.000), eta mugikortasuneko ekintza plana (18.500) sartu ditu inbertsioen atalean egiteko lantzat.
Plazaren diseinuari dagokionez, arkitektura ikasle taldeak otsailean egingo du bigarren bisita; maketak eta foromuntaiak ekarriko dituzte, erakutsi eta herritarren iritziak jasotzeko. Ekainerako aurreikusi dute bukaerako proiektuaren aurkezpena.
Iazko ekitaldian burutu zen Kimueneko aretoa atzo estreinatu zuten, bestetik. Guraso Elkarteak haurrentzat antolatutako margo tailerrarekin. Kostu guztia «erabat diru laguntzekin» finantzatzea lortu dela azaldu du Eztitxu Mujika alkateak.
Hondakinen gaian, sortze bidezko tarifikazio sistema ere urtarrilaren lehenean sartu da indarrean. Organikoa eta errefusa zenbatero ateratzen den kontatuta, hobariak aplikatuko zaizkie tasan herritarrei, hiru hilero. 200 familiak eman dute izena.
Aurrekontuak, gastuen banaketa
%38,9. Udal langileria gastuak.
%35,4. Mantenuak, herri bide konponketa, argi eta ur sareak, komunikazioa, azpiegiturak hobetzea; berdintasun, aniztasun eta ongizate gastua; kultura-ondarea, musika eskola, euskara.
%15,20. Hondakinak, Sasieta. Herriko taldeei diru laguntzak, udalaz gaindiko erakundeak, tokiko euskarazko hedabideak, larrialdi laguntzak…
%10,40. Uste gabeko gastuak (30.000), udaletxe amortizazioa (71.000) eta inbertsioak (118.500).
(aurrekontuaren xehetasunak eta desglose osoa, webgunean)
EAJk aurka bozkatu du, «kudeaketa okerra» eta inbertsio falta egotzita
Zaldibiako udal gobernu taldearen «kudeaketa okerra» salatu du oposizioko EAJk, 2023ko aurrekontuei aurkako botoa eman izana arrazoitzeko argitaratu duen oharrean. Gastuen kapituluen desoreka gaitzetsi du, langile gastuek %74 hartzen dutela eta inbertsio errealetarako «%5,60 baino ez» delako utzi.
Ekarpenik egin ez izanaren argudioa, EAJren esanetan, hain justu diru-banaketa hori izan du: «Barregarria iruditzen zaigu inbertsio errealetarako aurrekontu horrekin inolako ekarpenik egitera gonbidatzea».
Udal kudeaketa «okerrera» doala, eta «datozen urteetan arazo handiak» egongo direla aurreratu du EAJk, «herrian benetan beharrezkoak diren inbertsioak egin ahal izateko». Zerbitzuak mantentzeko ere zailtasunak ikusi ditu oposizioak.
Dirua «nora eta nola» doan argitzeko eskatu dio udal gobernuko EH Bilduri. «Beharrezkoa da udal kontuen egoera ekonomikoaren benetako azterketa egitea. Hori egiten ez den bitartean, ezin dugu lagundu gure herria inork nahi ez duen egoera batera eramaten». Horretarako, «zenbaki errealak» emateko eskatu du, «partida guztiak kontzeptu, sarrera eta gastuen arabera zehaztuta, ez kapituluka eta zifra globaletan».
Ekarpenak egiteaz
Udal gobernuak diru-sailak itxita aurkezten dituela salatu du EAJk, eta negoziazioa ezinezko bihurtzen duela horrek gehitu du «gardena» ez izateak. Herritarrei ekarpenak eskatzea «ia antzerki edo aurpegi-garbiketa» dela kritikatu du, eta «irudikeriagatik bakarrik» ez direla ariko.