Goi mendietan ibiltzeko hastapen ikastaroa Arrastakarekin
Jardunaldi teorikoak urtarrilaren 11n eta 12an egingo dira Beasaingo bulegoan, eta jardunaldi teknikoak urtarrilaren 14an eta 15ean Pirinioetan.
Beasaingo Arrastaka Mendi Taldearen urteko lehenengo jardunaldia goi mendian ibiltzeko hastapen ikastaroa izango da. Ohi bezala, bi zati izango ditu jardunaldiak. Batetik, urtarrilaren 11 eta 12an atal teoriko/praktikoa izango da Ehunmilak-Arrastakaren egoitzan 19:00etan; eta bestetik, urtarrilaren 14 eta 15ean atal praktikoa landuko da Pirinioetan.
Saio teoriko/praktikoan jardunaldien aurkezpena egingo da, erabili beharreko tresna ezberdinak ezagutuko (kranpoiak, pioleta, botak, arnesak, mosketoiak, sokak, etab) eta goi mendiko oinarrizko segurtasun neurriak ere ikusiko ditugu.
Asteburuko saio praktikoan, berriz, pioletaren eta kranpoien erabilera landuko dute, malda elurtuetan eroriz gero nola gelditu, ainguraketak nola egin eta elurretan nahiz izotzetan nola aseguratu.
Jardunaldi hau Arrastakarekin irteerak egin ohi dituztenei zuzenduta dago gehienbat, “elkarteak neguan egiten dituen irteeretan beharrezkoak diren ezagutzak jasotzeko, baina era honetako ezagutzak izan nahi dituen eta goi-mendia deritzon jarduera polit honetan hasi nahi duen beste edonorentzat ere irekia da”.
Bilera asteartean
Jarduera honetan parte hartzeko interesatuta daudenek, Beasaingo Iturriotz kaleko (Urbieta Etxea parean) Ehunmilak-Arrastaka lokalean egingo den bilerara azaldu beharko dute, urtarrilaren 10ean, 19:30ean, irteerako xehetasunak zehazteko eta zalantzak argitzeko. Informazio gehiagorako, https://arrastaka.net webgunea bisita daiteke edota 646 855 620 telefonora deitu, egun eta ordu berdinean.
Irteera honetan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoa da mendiko federatu txartela izatea.
Urteko egutegia
2023. urteko Arrastaka taldearen jardueren egutegia ere eskuragarri dago webgunean.