Haurrentzako jolasak Ormaiztegiko Zubipe kiroldegian
Euskal mitologian oinarritutako hainbat jolas eraman zituen atzo Jokai konpainia nafarrak Ormaiztegira. Haur zein heldu gustura aritu ziren elkarrekin jolasean.
Gabonetako kanpainaren barruan, euskal mitologian oinarritutako jolasak antolatu zituzten atzo Ormaiztegiko Zubipe kiroldegian. Berako eta Lekunberriko (Nafarroa) Jokai konpainiarenak dira jolasak, Euskal Herriko historian eta ohituretan oinarrituta egindakoak.
Jokai konpainiakoek adierazitakoaren arabera, hiru helburu nagusi ditu euren proposamenak. Belaunaldien arteko harremanetan eragitea, pantailarik eta kablerik gabeko guneak eskaintzea eta jolasaren bitartez euskal mitologia ezagutzera ematea.
Bi gunetan banatu zituzten jolasak, batetik, 0 eta 3 urte arteko haurrentzako Montessori gunea eta bestetik, “3 eta 103 urte bitartekoentzat” Larun izeneko instalazio parte hartzailea. Jolas guztiak egurrez egindakoak dira eta Unai Ruiz margolariak margotuta daude.