Hiru Errege Magoak iristear dira
Meltxor, Gaspar eta Baltasar errege magoak gaur goizean iritsiko dira Ekialdetik Goierrira. Eskualdeko bederatzi herritan egingo dituzte kalejirak eta harrerak
Ekialdeko lurraldeetatik zaldi gainean iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak Goierrira, Eguberrietako jaiei amaiera emanez. Egun magikoak izango dira gaurkoa eta biharkoa. Goierriko bederatzi herritan egingo dituzte ongi etorriak eta kalejirak: Beasainen, Idiazabalen, Lazkaon, Legazpin, Olaberrian, Ordizian, Ormaiztegin, Zegaman eta Zumarragan. Erregeei gutunik idatzi ez dietenek, gaur dute azken aukera.
Beasain
Ohitura zaharrari eutsiz, aurtengoan ere hiru Errege Magoak Beasainen izango direla baieztatu du Atxipi Aisialdi Taldeak. Ongi etorri beroa egingo zaie, goizetik hasi eta iluntzera bitartean.
Lehenik eta behin, Arangoiti adineko pertsonen egoitzara bisita egingo dute, bertako egoiliarrei opariak banatzeko. 10:45ean izango da hori. Ondoren, 12:00etan, haurren gutunak bilduko dituzte Loinazko San Martin Plazan.
Arratsaldean, 18:15ean, Igartzako jauregitik abiatuta, herriko kaleak zeharkatuko dituzte, laguntzaileekin batera, magiaz beteriko kalejira batean. Herriko eragileek lagunduko diete ibilbidean; Atxipi, Goizeresi Txistulariak, Loinatz Musika eskolako Trikitilariak eta Panderojoleak, Musika Banda, Koskola Txaranga, Kantujira, Irratizaleen Elkartea, Asmube eta Nagusilan
Eta 19:15ean, ongi etorri ekitaldia egingo diete Loinazko San Martin Plazan.
Idiazabal
Guraso Elkartetik abiatuko dira hiru erregeak, 18:00etan, eta herriko kaleak zeharkatuz plazara joango dira, herriko haurrak protagonista izango dituen jaiotza ingurura. Amaieran, kioskoan gerturatzen direnei goxokiak eta opariak emango dizkiete.
Lazkao
Lazkaoko adineko pertsonek ere jasoko dute Errege Magoen bisita, Txindoki egoitza bisitatuko dute, arratsaldeko lanekin hasi aurretik.
Eguzkia erortzean, herriko kaleak zeharkatuko dituzte, herritarrak agurtu eta goxokiak banatzen dituzten bitartean. Musikarien eta dantzarien laguntza izango dute. Kalejira, 18:30ean abiatuko da, San Prudentzio ermita barrenetik eta Zelaian egingo zaie harrera. Bertan, herriko gaztetxoek agurra dantzatuko diete. Meltxor, Gaspar eta Baltasarrengana gerturatzeko aukera izango da amaieran, norbere desioak eskatzeko.
Legazpi
Bikuña kiroldegiaren paretik, Ormazarreta zalditegiko zaldien gainean iritsiko dira Legazpira hiru Errege Magoak. Segizioak bi geldiune egingo ditu ibilbidean zehar, lehena Laubide kalean, eta bigarrena Euskal Herria plazan. Bidean karameluak eta opariak banatuko dituzte. Opariak, kiroldegira eraman beharko dira 16:30etatik 17:30etara.
Euskal Herria plazan amaituko da. Jaiotza egongo da jarrita han, udaletxeko arkupean, eta erregeek ohiko eskaintza egin eta gero, udaletxeko balkoira igoko dira.
Bitartean, Korosti dantza taldekoen dantzak izango dira. Hain zuzen ere, haien laguntzarekin antolatzen da kalejira. Plazako harreran, Santikutz Abesbatzak ere parte hartuko du. Aipatu ere, kalejiran, Legazpi Musika Bandaren doinuek alaituko dutela bidea.
Olaberria
Errekaldetik hasita, herria alderik alde zeharkatuko dute Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek, eta Ihurren amaituko dute desfilea, ohiko opari banaketarekin.
Ordizia
Goierriko desfile zaharrena da Ordiziakoa: 1942an antolatu zuten lehenengoz. Hala ere, 76 .urtean ez du xarmarik galdu.
Buztuntza auzoan hasiko dute hiru erregeek ibilbidea, 18:30ean, eta Plaza Nagusian amaituko da.
Ormaiztegi
Mendizabal auzotik iritsiko dira Ormaiztegira ekialdeko hiru Errege Magoak, beraien laguntzaileez inguratuta, 18:30ak inguruan, eguna iluntzearekin batera.
Zegama
Musika Zegamako errege desfilearen sustraietan dago: 1997 urteaz geroztik Tobera musika eskolaren ardura izan da desfilea antolatzea.
19:00ak inguruan Maxkarra mendi inguruan ikusi ahalko dira hiru Errege Magoen segizioaren argiak, gertu direla iragarriko duena. Herrigunera hurbildu, bertako kaleak zeharkatuko dituzte goxokiak banatzen, eta herriko plazara gerturatuko dira. Elizan amaituko dute ibilbidea.
Zumarraga
Urtero jende mordoa biltzen da kaleetan, hiru Errege Magoak agurtzera, eta ziur aurten ere hala izango dela. Ohiko moduan, laguntzaile talde zabala izango dute eta goxoki mordoa banatuko dituzte. 19:00etan Antiotik jaitsiko dira eta lehenik Mertzedariatan geldialdia egingo dute. Herodesen gaztelua antzeztuko dute, Zelai Ariztin 19:30ean.
Segizioak Iparragirre hiribiderantz egingo du, ondoren Legazpi kalea zeharkatuz, Euskadi plazara iristeko, eta udaletxeko arkupeetan, Jesus haurtxoa gurtuko dute hiru Errege Magoek.