Segura Eusko Jaurlaritzaren Mugiment proiektura batu da
Zerbitzua martxan dago jada, eta inolako kostu gehigarririk gabe Seguran Kirol Txartela daukan orok izango du Mugiment kirol txartela edukitzeko aukera.
Joan den urtarrilaren 1etik Segura Eusko Jaurlaritzaren Mugiment kirol txartela proiektuko kide da. Zerbitzua martxan dago jada, eta inolako kostu gehigarririk gabe Seguran Kirol Txartela daukan orok izango du Mugiment kirol txartela edukitzeko aukera.
Mugiment kirol txartelak duen abantaila nagusietako bat da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan proiektura atxikita dauden gainontzeko udalerrietako kirol instalazioak erabiltzeko aukera ematen diola Mugiment kirol txartela duen orori. Ezin da nahi denean joan, ordea, udalerri bakoitzak jarritako egun eta ordutegia errespetatu behar da. Alderantziz, gainontzeko herrietako txartel jabeek Segurara joateko aukera ere izango dute aurrerantzean.
Goierrin zortzi udalerri
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 76 udalerri daude atxikita dagoeneko proiektura. Goierrin zortzi dira jada. Seguraz gain, aurretik batu ziren egitasmora Urretxu, Zumarraga, Legazpi, Beasain, Ordizia, Ezkio eta Zegama. Seguran, dagoeneko kirol txartela eginda dutenek edo 2023an egiteko asmoa dutenek Mugiment kirol txartelean alta emateko aukera izango dute. Baratze pilotalekuan egin daiteke, harrerako ordutegian.
Segurako Udalak jakinarazi duenez, kirol txartela edo urteko bonuak eginda dituztenei automatikoki berrituko zaizkie bazkidetzak, kontrakoa jakinarazi ezean. Baja eman nahi izanez gero, urtarrilaren 15era arte egongo da horretarako aukera kiroldegian edo udaletxean.