Sukaldariek maite duten feria
Hotzak markatu du urteko lehen asteazkena Ordizian, baina hori ez da eragozpen izan erosleentzat, batez ere sukaldarientzat. Produktu berri batzuk ere iritsi dira, ardi esnea tartean.
Gertuko produktuen onurak goratzen dituzte sukaldari gehienek, eta gertuko produktuak erosten dituzte askok eta askok. Ordiziako ferian izaten dute horretarako aukera, eta atzo, inguruko hainbat sukaldari hurbildu ziren bertara. Plaza Nagusiko postuetan ohikoak diren Roberto Ruiz, Iñaki Telleria edo Eneko Azurmendiz gain, Tolosako Ama jatetxeko Javi Rivero eta Gorka Rico ere ibili ziren eta, besteak beste, azenario txikiak erosi zizkioten Edurne Jauregiri.
Baina atzoko egunak eman zuen zeresan gehiago ere. Eguraldi kontuak aipatu behar dira lehenik, hotz egiten zuelako, eta postu batzuetan aspaldian ikusten ez ziren berogailuak piztu zituztelako. Goizeko 9ak inguruan 2 gradu besterik ez zituen markatzen udaletxeko termometroak, eta izotza ere egin zuen inguruko hainbat tokitan, saltzaile batzuek baieztatu zutenez. Baina eguraldi hotza orain egitekoa da, eta kexa gehiegirik ez zen entzun.
Bestela, urteko lehen feria zen atzokoa, eta denboraldia amaitutzat eman dutenen hutsuneekin azaldu zen plaza. Uzinen tomateak, Goibururen gaztak eta Aizpururen sagarrak ez dira udaberri-udara arte itzuliko.
Produktu berriak
Gelditu direnen artean, berriz, bazuten atzo zer saldu. Ardi esnea, adibidez. Ohi baino beranduago aurkeztu du negu honetan Axun Etxeberriak, eta aspaldiko partez prezio berriarekin gainera. Litroa 2,70 euroan jarri du, eta litro eta erdiko botila 4 euroan du salgai. Gatzagi naturala ere badu, 30-bat gramoko bolatan bilduta eta 1,5 euroan. Kafe ale baten tamainako puska nahikoa omen da litro bat esne mami bihurtzeko.
Limoia ere berritasuna da. Altzagako Arantxa Lopetegik zuen salgai, 2 euroan kiloa. Eta garratzetik gozora salto eginda, Jon Etxeberriak erromero ezti krematsua aurkeztu du, betiko eztiari hainbat irabialdi eginda lortutakoa. Potea 9 euroan zuen.
Loreak ere albiste ziren. Gabonetako poinsetiak desagertu dira, eta Azanzak, esaterako, jazintoa (2,5 euro), azalea japonika (12,5 eur), eta errododendroa (24,5 euro) zituen salgai.
Amaitzeko, perretxikoak. Lasak hamarna kilo ziza hori (38 €), saltsa perretxiko beltz (28 €) eta mendiko angula (18 €) jarri zituen salgai. Arantxa Lopetegik bi kilo niskalo ere bazituen (15 €).