Karobi kalera sarrera mugatuko da Ixabel Olano plazako lanengatik
Karobi kaleko eta Ikasleen Zeharkaleko aparkalekuak ezingo dira erabili lanek iraun bitartean. Saneamendua, trafiko segurtasuna eta irisgarritasuna hobetuko dira.
Beasaingo Ixabel Olano parkeko berrikuntza lanak Karobi kalean eta Ikasleen Zeharkalean eragina izango du. Gaur bertan hasiko dira Karobi kalean saneamendu-hodia ordezkatzeko lanekin. Hoditeria berriarekin, banakako bilketa-sistema batetik bikoitzera igaroko da. Ondoren, plataforma bakarreko asfaltatzea ipiniko dute, trafikoarentzat seguruagoa izango dena eta oinezkoen irisgarritasuneko baldintzak ere hobetuko dituena.
Aparkalekuetan eragina izango dute lanek, hurrengo bi hilabeteetan. Urtarrilaren 10etik aurrera Ikasleen zeharkaleko aparkalekuak erabilerarik gabe geratuko dira eta urtarrilaren 16tik aurrera Karobi kalekoak izango dira zerbitzuz kanpo geratuko direnak.
Dena den, Igartza Oleta 10 zenbakiko lurpeko garajeetako sarrera erabilgarri mantenduko da momentu oro, eta lokaletako zamalanak egin ahal izateko, Karobi kaleko sarrera erabiliko da.
Lanak bi fasetan garatuko dira, urtarrilean hasiko den lehen fasean Igartza Oleta 10eko aparkalekurako sarrera Florencio Axpetik egin beharko da.
Ingurumenari onura
Eraberritze lanekin ingurumena hobetuko dela dio udalak, jarriko den saneamendu-sistema bikoitzaren bidez, Oria ibaira isurketa zuzenak egitea saihestuko delako. Ekintza horri esker, euri-urak eta ur beltzak bildu eta tratatu ahal izango dira Legorretako araztegian, hondakin-urak kolektorera bideratuko baitira, eta ez Oria ibaira.
Azkenik, asfalto inprimatuarekin akabatuko dute Karobi kale guztia, eta errepidea maila berdinean jarriko dute, oinezkoentzat irisgarriago izan dadin. Ibilgailuan abiadura ere mugatuko da; 20 km/ordukoa ezin izango da gainditu.