Lazkaon Treba Gurasoak ekimeneko hiru hitzaldi antolatu dituzte
Bullyingari buruzko saioarekin, urtarrilaren 25ean hasiko da gurasoentzat formakuntza zikloa. Berdintasuna eta haurrekin familian gatazkak nola konpondu landuko dute beste bi hitzalditan.
Treba Gurasoak ekimeneko hiru hitzaldi izango dira, urtarriletik aurrera, Lazkaon. Iazko esperientziaren harrera ona ikusita, haurren eta haien gurasoen intereseko hiru gai edo arlo landuko dituzte, udalak antolatuta eta foru aldundiarekin lankidetzan. Hitzaldi guztiak doan, euskaraz eta udaletxeko batzar aretoan dira.
Lehenengo saioa urtarrilaren 25ean izango da, bullyingari buruz. Bullying egoerak minimizatzeko ingurune seguruak nola sortu hitzaldia egingo du Izaskun Lopezek. Seme-alabentzako ingurune seguru eta babesleak sortzen laguntzea, eta egon daitezkeen arrisku-egoerak detektatzen eta identifikatzen ikastea dira saioaren helburuak. Bestalde, haurren eta nerabeen hezkuntzan familiak duen babesle-funtzioaren garrantzia sustatu, eta jazarpen-egoerak atzeman eta identifikatzeko ezagutzak eta oinarrizko informazioa ere emango du Lopezek. Urtarrilaren 25ean, 18:00etan hasiko da hitzaldia, udaletxeko batzar aretoan.
Bigarren saioa, otsailaren 22an, Gure haur eta nerabeak nola hezi berdintasunean izango da, Eider Goiburuk emana. Haurrak edo nerabeak dauzkaten gurasoentzat da hori ere. 17:30ean hasiko da, batzar aretoan.
Hirugarrena eta azkena, martxoaren lehenean, Familiako gatazkak eta estresa kudeatzeko pilulak izenburukoa, Nerea Mendizabalek emango du (17:30ean, batzar aretoan).
Hitzaldiak doan baldin badira ere, izena eman behar da aurrez, https://labur.eus/TREBAGURASOAKLazkao estekan.