Lehen aldiz, Ordizia Saskibaloiko lau taldek jokatuko dute Euskal Ligan
Senior mutilen taldeaz gain, Euskal Ligan ariko dira kadete nesken eta junior nesken eta mutilen taldeak. Azatxo Saskibaloi Kanpusean 85 umek parte hartu dute aurten.
Ordizia Saskibaloiak emaitza bikainak lortu ditu urte amaiera eta hasiera honetan. Batetik, Ordizia Saskibaloiko lau taldek jokatuko dute Euskal Ligan hurrengo hilabeteetan, denboraldi berean, klubaren historian lehenengoz. Bestetik, Eguberrietako oporretan 8. Azatxo Saskibaloi Kanpusa antolatu dute, eta inoizko partaidetza kopururik altuena lortu dute.
Federatuen kirol emaitzei dagokienez, «urte historikoa» izaten ari dela azaldu dute Ordizia Saskibaloiko arduradunek. Senior mutilen taldeaz gain, Euskal Ligan jokatuko dute hurrengo denboraldian kadete nesken eta junior neska zein mutilen taldeek. Abenduaren 17an Gipuzkoako Urrezko Errendimendu kadete mailan jokatzen duten neskek lortu zuten sailkapena, Zarauzko ZAST Kuraye taldearen aurka Gipuzkoako kanporaketa irabazi ondoren.
Pasa den asteburuan, berriz, junior mailako bi taldeek lortu zuten sailkatzea Gipuzkoako kanporaketan, neskek Easo Basket Plagamaniaren aurka irabazita, eta mutilek Easo Basket Igeldoren aurka irabazita. Euskal Ligan jokatuko dutela ziurtatu dute, baina oraindik partida batzuk geratzen zaizkie. Asteburuan, hiru taldeek Euskal Ligako A1 edo A2 multzoetan jokatuko duten erabakiko da.
Kadete neskek Barakaldo Basketen aurka jokatuko dute larunbat arratsaldean, Barakaldokoen kantxan; junior neskek, aldiz, Bilbon jokatuko dute, La Salle taldearen aurka, larunbat goizean; eta junior mutilek, larunbat eguerdian izango dute partida, Majorin, Loiola Indautxu 05 taldearen kontra. Partida horiek irabaziz gero, igandean beste urrats bat eman beharko dute A1 multzoan sailkatzeko.
Kadete neskek goizean Ordiziatik kanpo jokatuko lukete, eta junior bi taldeek Majorin, arratsaldean.
Kopururik altuena
Kirol emaitzaz aparte, Eguberrietan 8. Azatxo Saskibaloi Kanpusa antolatu zuen Ordizia Saskibaloiak. Arrakastatsua izan zen. Abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 5era, 85 ume pasa ziren Majori kiroldegiko eta Urdaneta ikastetxeko instalazioetatik, 2014an kanpusa martxan jarri zutenetik «errekor berria».
Goierri eskualdeko zazpi herritako 42 mutilek eta 43 neskak parte hartu zuten 20 begiralek jarritako ariketa ezberdinetan, «umore eta jarrera ezin hobearekin». Lacturaleren eskutik, elikadura osasuntsuari buruzko hitzaldia ere jaso zuten haurrek.