Urolako trena Legazpira iritsiko da ostiralean, irudi zaharrez lagunduta
Sabino Legarda-Ereñok diapositiba emanaldia eskainiko du, Ignacio Galdonak lagunduta. Tren mitikoa gogoratzeko saioa izango da. Aldarrikapenak ere izango du lekua
Nostalgiaz beteriko bidaia egiteko gonbidapena luzatu dute Sabino Legarda-Ereño legazpiarrak eta Ignacio Galdona urretxuarrak, duela urte asko desagertutako Urolako trena aitzakia hartuta. Ostiralean, hilaren 13an, Iraganera bidaia izeneko diapositiba emanaldia eskainiko dute 20:00etan, Kultur Etxeko areto nagusian.
Legarda-Ereño irudien atalaz arduratu da, eta Urolako trenbideko langilea izan zen Galdonak emanaldia aurkeztuko du, azalpenak emanez eta aldarrikapenerako tarte bat ere gordez.
Legazpin hasiko da bidaia nostalgiko hau, eta jarraipena izango du ondoren Urretxu-Zumarragan, Azkoitian, Azpeitian, Zestoan eta Zumaian, trenak egiten zuen ibilbidea gogoratuz. Beste herrietako emanaldien datak ez daude zehaztuta oraindik.
Ehun inguru diapositiba
Urolako trenari buruzko proiekzio honetan nostalgia ez dute duela 38 urte funtzionatzeari utzi zion trenaren irudiek eta haren historiak bakarrik jarriko. Irudien formatuak berak ere izango du bere partea, Legarda-Ereñok diapositibak berreskuratutako dituelako okasio honetarako, Angel Muruaren laguntzarekin. Musikaz lagundutako proiekzioa izango da.
Duela 40 urtetik gora Urolako trenari eta haren bidaiariei ateratako diapositibak dira, baita inguruan ateratakoak ere, ibaikoak edo itsasokoak. Garai haietan dagoeneko publikoaren aurrean erakutsi zituen, Legazpin bakarrik, baina orain Urola bailara osora zabalduko ditu.
Diapositiba bilduma honetan lekua izango dute, baita ere, trena desagertu zenean egin zituzten protesta ekintzek. Galdonak Urretxuko udaletxean egin zuen gose grebako irudiak ere erakutsiko dituzte, eta horrekin, trenbidea berriz ere martxan jartzeko aldarrikapenak oraindik bizirik dagoela erakutsi nahi dute.
Guztira ehun inguru diapositiba izango dira, eta Urolako trena nolabait berpizteko balio izango dute, ezagutu zutenen oroitzapenak astinduz, batez ere, baina baita ezagutu ez zuten belaunaldien artean haren berri emanez ere.
Aldarrikapenerako tartea
Hurrengo otsailean 97 urte beteko dira Zumarraga eta Zumaia arteko ia 37 kilometroko tren linea hori martxan jarri zenetik. 1926ko otsailaren 22an inauguratu zuen Espainiako errege Alfontso XIII.ak.
Iazko udan, berriz, 36 urte bete ziren Urolako tren mitikoak azken bidaia egin zuenetik; 1986. urteko uztailaren 13a izan zen linea haren amaiera eguna; azken trenak egun hartan atera ziren, 20:09ean Azpeititik Zumaiara, eta 21:10ean Azpeititik Azkoitira. Handik urte eta erdira, 1988ko otsailaren 2an, Eusko Jaurlaritzak trenbidearen behin-betiko itxiera dekretatu zuen, zerbitzua 75 urtez eman ondoren.
Sonatua izan zen Urolako trenaren itxiera salatzeko eta berriz ere martxan jartzeko Ignacio Galdonak egin zuen gose greba. Hantxe ezagutu zuten elkar ostiraleko emanaldiko bi antolatzaileek. Galdonak dio garai hartako aldarrikapenek bizirik daudela oraindik, eta Legarda-Ereñok aldarrikapen horiek zabaltzen lagundu nahi dio diapositiben proiekzioarekin, orduan hartu zuen konpromisoari jarraituz.