Buztintegi hasi da aurtengo mugimendu eta karta jokoen txapelketak prestatzen
Bazkideentzako izen-ematea zabalik dago, Gizarte Zentroan, hilaren 20ra arte.
Gabonetako etenaldiaren ondoren, Buztintegi jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak berriz ere ekin die ohiko jarduerei, eta aste honen hasierarekin batera martxan daude ikastaro eta tailer guztiak.
Gainera, elkartea hasi da aurtengo bazkideen arteko mugimendu eta karta joko txapelketak prestatzen, eta hilaren 20ra arte zabalik dauka izen-ematea. Parte hartu nahi dutenek Gizarte Zentroan eman beharko dute izena, Buztintegiren bulegoan edo atezainari esanda. Ohi bezala, musa (zortzi erregeetara), tutea, briska, eskoba, seirak, punttua, igela, toka, botea eta xakea izango dira jokoak.
Txapelketa hauen azken edizioa, 2022koa, berezia izan zen, herri osora zabaldu eta belaunaldien arteko topaketa bihurtu zutelako, eta elkartearen 27. urteurrena ospatzeko ekintzen barruan txertatu zutelako.