Ampo Ordiziak urteko lehen partida jokatuko du etzi, Complutenseren aurka
Altamiran izango da, 16:00etan. Azken partida Gernikaren aurka jokatu zuten, eta irabazi, lehia estu batean. Bost partida falta zaizkie lehenengo itzulia bukatzeko, etzikoa barne.

Ampo Ordiziak 2023 urteko aurreneko partida jokatuko du larunbatean, Altamira zelaian. Complutense Cisneros Madrilgo taldearen aurka izango da, 16:00etan, Ohorezko Mailako 2022/2023 denboraldiko 9. jardunaldian. Lehenengo faseko azken partidak jokatuko ditu hilabete honetan Ampo Ordiziak, aurreneko itzulia amaitzeko bost partida falta baitzaizkie, larunbatekoa barne.
Gogoz ekingo diote urte berriari. Zazpi jokatu eta lau partida irabazi dituzte. Etzi etxean bosgarren garaipena lortzeko aukera dute. Beste lau partida jokatuko dituzte lehen fasean. Bigarrenean, sailkapenean goialdeko postuetan daudenek elkarren kontra jokatuko dute, eta behekoek elkarren aurka.
Hamahiru talde daude Ohorezko Mailan, eta Ordizia 7. postuan dago, 19 punturekin. Aurretik dauka Barça Rugby, 20 punturekin, eta atzetik Pozuelo, 18rekin. Lehenengo multzoan sartzeko tartea badute oraindik. Eguberrietako oporraldiaren ondoren, erritmoa hartuta iritsi beharko da taldea lehen partidara.
2022ko azken partida Gernikaren aurka jokatu zuten, Urbieta zelaian. Partida estua izan zen markagailuan, lehiatsua, baina azkenean Ordiziak irabazi zuen, 20-23. Ongi bukatuta, etzi urte berria ondo hasteko aukera izango dute.
1. FASEKO AZKEN PARTIDAK
- Urtarrilak 22. Real Ciencias Enerside-Ampo Ordizia, La Cartujan.
- Urtarrilak 28. UE Santboiana- Ampo Ordizia, Baldiri Aleun.
- Otsailak 5. CR La Vila-Ampo Ordizia, El Pantanon.
- Otsailak 19. Ampo Ordizia- VRAC Quesos, Altamiran.