Bezeroek ohiko gaiak nahiago dituzte
Eguraldi desatseginak baldintzatuta, urteko bigarren feria egunak ez du produktu berri askorako tarterik hartu. Mihilua izan da berritasunetako bat, tipula landarearekin bat.

Mihilua izan da Ordiziako feriara iritsi den azken berritasuna. Mediterraneo aldeko sukaldeetan oso preziatua izan omen da beti, baina hemen ez da hainbeste erabili. Iñaki Intxaustik jarri zuen salgai, bakoitza 1,5 euroan, eta ez zekien ziur salduko zuenik. Izan ere, eta horretan arrazoi eman zion postua ondoan duen Arantxa Zurutuzak, hemengo jendeak nahiago ditu betiko gaiak. Feriara azken aldian produktu berriak iristen hasita daude, izan pak choi, izan chaiota, izan daikon arbia… baina aza, azalorea, zerba edo porrua bezalako betiko barazkiek izaten dute estimazio gehien erosleen aldetik.

Ibarrako Montes etxeko Patxi Izagirre eta Arantxa Iparragirre. Argazkia: Tere Madinabeitia
Baratzeetan landatzen direnen artean ere betikoen alde egiten du jendeak, eta horregatik izaten dute ohiko eskaintza landare saltzaileek. Atzo Ibarrako Montesekoen postuan tipula buru zabala zen berritasuna, gorria zein horia. Ehunekoa 3,5 euroan zuten salgai Patxi Izagirrek eta Arantxa Iparragirrek. Aurten landareak aurreratuta etorri direla zioen Izagirrek, eguraldiaren eraginez.
Postu horretan bertan, bestalde, arbi txikiak edo errefautxoak ere bazituzten salgai, gorriak eta zuriak, Edurne Jauregirenean bezala. Sorta euro bat eta bi euro artean zuten.
Bestela, saltzaileek diotenez hauxe ez da berritasunerako garaia, negua halakoa delako, eta udaberrira arte gauza berri gutxi sortuko direlako. Hala ere, postuak produktuz beteta daude, baratzeetan ekoitzitakoaren erakusleiho eder askoak osatuz.
Perretxikoak, agortzear
Negua ere ez da perretxikoetarako garairik onena, eta horren adierazle azken asteotan Ordizian izan den saltzaile bakarrak Mikel Lasak, eskaintza urria izatea da. Atzo, hemezortzi kilo mendiko angula (18 euroan kiloa), hamar kilo saltsa perretxiko beltz (20 €) eta zortzi kilo ziza hori (38 €) besterik ez zituen.