Goazen Ordizia ekimenekoek urteko lehen paseoa egin dute
Parte hartu nahi dutenak 10:20ean agertu behar dira udaletxeko aterpean, bertan izena emateko paseoa egin aurretik.
Goazen Ordizia ekimeneko parte hartzaileek hasi dute urte berria. Gaur egin dute 2023ko lehenengo paseoa. Ohi bezala, herrian zehar osatu dute ibilbidea, eta paseoa bukatzerakoan, mokadutxoa jan dute Zuhaiztin, salda beroarekin. Udalak azaldu duenez, «indartsu» ekin diote urte berriko lehenari.
«Guretzat oso pozgarria da ostegunero Goazen Ordizia ekimena antolatzea, izan ere, kirola eta harremanak lantzen dituen egitasmoa da, non edozein adineko pertsonek parte har dezaketen». Laguntza behar dutenentzat, boluntario sarea izaten da ekimenean laguntzeko prest. Ostegunero egingo dira ibilaldiak. Irteera 10:30ean izango da, Plaza Nagusitik, eta bukaera, Zuhaizti jubilatuen zentro sozialeko tabernan, doako mokadutxo batekin. Parte hartu nahi dutenak 10:20ean agertu behar dira udaletxeko aterpean, bertan izena emateko paseoa egin aurretik. Nahien edo beharren araberako ibilbideak egiten dira.