Kepa Junkerari buruzko 'Berpiztu' film dokumentala emango dute gaur Ordizian
Kepa Junkera musikagile bilbotarraren bizitza du oinarri, iktusa pairatu ondoren egin beharreko errehabilitazioaren bidaia.
Ordiziako zine alternatibo saioen barruan, gaur, 19:30ean, Kepa Junkera Berpiztu film dokumentala emango dute Herri Antzokian. Fermin Aiok zuzendutako film luzea da, 80 minutukoa. Kepa Junkera musikagile bilbotarraren bizitza du oinarri, iktusa pairatu ondoren egin beharreko errehabilitazioaren bidaia. Berriro hitz egiten, eskuak mugitzen, jaten eta azken finean bizitzen jarraitzen ikasi behar izan du Junkerak istripuaren ondoren. Berpizte horren errelatua da filma.
Artxiboko materiala eta egungo irudiak eta testigantzak jasotzen ditu filmak, etxeko momentu intimoen kontaketa ere eginez. Junkeraz eta haren familiaz gain, Ara Malikianek, Pablo Milanesek, Estrella Morentek, Pedro Guerrak edota Joseba Tapiak parte hartu dute. Abenduaren 2an estreinatu zen.